Friday 12 February 2010

«Euskaldunak onak gara tresnak geurera moldatzen, ez ordea saltzen»


Iban Arantzabal, kazetaria.
 
 
 
Goiena komunikazio taldeak jakin du Internet eta beste hedabideak uztartzen. Ikus-entzunezkoen zuzendariak azaldu du nola.

Goiena komunikazio talde euskalduneko ikus-entzunezkoen zuzendaria da Iban Arantzabal (Elgeta, Gipuzkoa, 1975). Debagoienean, Goienkaria aldizkaria argitaratzen dute, eta GoiTB telebistaren eta Arrasate Irratiaren edukiak ekoizten dituzte; Interneten hainbat gune kudeatzen dituzte; besteak beste, Goiena.net.

Ohiko hedabideak Internetekin uztartzen dituzue aspaldi Goienan. Nola egiten duzue hedabideen arteko sinergia lortzeko?

Ulertzen dugu zentroan beti dagoela notizia, edukia. Eduki horrek ditu, gero, hainbat tresna adierazteko. Edukia bat da, eta hainbat hizkuntzatara moldatzen dugu: irratiaren hizkuntzara, telebistara, paperera eta Internetera. Internet beste hedabide bat da, gure ikusle-entzule-irakurleengana heltzeko beste modu bat.

Lan egiteko duzuen era hori izango da etorkizunean hedabide guztien eredua?

Ez. Ez da etorkizuneko eredua izango, gaurko eredua delako. Guk ez dugu ezer asmatu, ordea. The Daily Telegraph-ek eta New York Times-ek, esaterako, eredu hori erabiltzen dute. Guk gurera egokitu dugu filosofia hori, ez kopiatu. Ez dakigu hori biderik onena izango ote den, baina ikusten dugu bidea izan izango dela.

Prentsa eta beste hedabide handiei hil ala biziko kontua bihurtu zaie ohiko hartzailea Interneten ez galtzea.

Orain arte ikus-entzuleak edo irakurleak bananduta zenbatu izan dira. Guk, esaterako, 65.000 irakurle ditugu paperean, 8.000 ikusle egunero gure telebistan, eta egunero 2.000 bisitaritik gora Interneten. Baina zenbat hartzaile ditugu? Horien batura. Hartzaile bakoitzarengan heltzen gara modu batera, eta hori da interesgarriena gaur egun. Hartzaile ezberdin gisa hartu behar da bakoitza, batek Internetik jarraituko baikaitu, beste batek, Internetik ez eta paperean, eta beste batek telebista aurreko sofatik ikusiko gaitu. Gainera, bide berriak ere etorriko dira.

Zer bide berrirako prestatzen ari zarete?

Sakelako telefonoa iraultzatxoa izango da oraindik. Ekimen txiki batzuk egiten ari gara, gure informazioa telefonoaren bidez ere zabaltzeko. Etorkizuna ere horietatik etorriko da; ez daude alferrik horrenbeste Iphone edo bestelakoak salduta munduan. Kontuan izan behar dugu telefonoan dagoeneko bideoak, podcastak eta edozein gauza jaso dezakegula. Guk zera nahi dugu, aurrean egotea, ez geratzea lo.

Horrela ibiliko den kazetari batek irudiak, soinuak eta hitzak lantzen aditua izan beharko du. Ez al da hori ezinezko superkazetari bihurtzea eskatzea?

Ez. Zer eskatzen zaio bada gaur kazetariari? Ulertzea ekonomiaz, Interneteko azken freak-eriaz, udaletxetako hainbat batzordeetako gaiez, arteaz... Posible al da hori? Zer da errazago, horrenbeste gaietan aditua izango den kazetaria bilatzea edo hainbat tresna menperatuko dituena bilatzea? Nire ustez askoz errazagoa da bigarrena. Gai batean aditua den kazetariak erabilita, kalitatea hobetuko dugu, sinesgarritasuna handituko dugu, eta hartzailea pozez egotea lortuko dugu.

Zer egin behar dute euskarazko hedabideek, gaur, Euskal Herrian, gaztelaniazkoei aurre egiteko? Aldaketaz baliatuta, ba al dago bidezidorrik?

Bizkorrak izan behar dugu. Hor egon, aurrean, eta geure mugak zabaldu. Ez dugu gertu-gertura begiratu behar. Izan ere, gauzak bizkor aldatzen ari dira, guk uste baino azkarrago. Jende ona dago hemen azken tresnak geurera moldatzen, baina ez dugu asmatzen egiten duguna begibistan uzten. Zer edo zer egiten dugu, baina hori saldu behar dugu, eta hor dago geure arazotxoa.

Interneten kopuruak oso garrantzitsuak dira; esaterako, Wikipediak funtzionatzen du, horretan dabiltzanak milioiak direlako. Ez al du horrek euskararen kontra jokatzen?

Nanoaudientzietan sinesten dut, eta uste dut gero eta garrantzi handiagoa izango dutela. Blogena, esaterako. Asmatu behar dugu nanoaudientzia horiek batzen, eta komunitate sendoagoak eraikitzen.

Egin daiteke hori, gaur hemen Interneterako loturarengatik kobratzen dutena ikusita?

Amsterdamen wifia edozein lekutan dago, eta aireportuan ere doan da. Hemen ez, ordea. Lotsagarria da operadoreek kobratzen dutena. Hor geure iraultzatxoa egin beharko genuke, inork zer esango itxaron gabe: wifi komunitarioak sortu, esaterako. Egin egin beharko dugu. Zergatik ez dugu lotura merkeagoa eta hobea? Ez dago arazo teknikorik, merkatu legea baino ez da. Administrazioak ere zer edo zer egin beharko luke, herrialdea atzera gelditzea nahi ez badu.

No comments:

Post a Comment