Sunday 7 February 2010

«Kultura eta zibilizazioa sortu aurretiko garaira eraman nahi dugu jendea»

Shanti Curran, musikan.

Arborea. Argazkilaria: Shylah Curran


Arborea taldea osatzen du AEBetako musikariak, senarrarekin batera. Mezu ekologista zabaltzen dute, basoetako oihartzunak gogorarazten dituzten doinu sinple eta sakonekin. Bergaran joko dute gaur

Shanti Curran (Lewiston, Maine, AEB, 1878) musikari familia batetik dator. Buck senarrarekin, Arborea taldea sortu zuen. Iazko ekainean House of Sticks laugarren diskoa plazaratu zuten, eta kritika ezin hobeak jaso zituzten. Banjo, ukelelea eta zerra tresnak jotzen ditu Arborean, bikoteari ahots nagusia jartzeaz gain. Gaur joko dute, 19:00etan, Bergarako Zabalotegi aretoan.

Arborea izenarekin dagoeneko esaten duzue zuhaitz eta basoetan hartzen duzuela musikarako inspirazioa. Maineko baso paisaietatik zatozelako da hori?

Munduko hainbat lekutako baso paisaietatik ateratzen dugu gure soinua; horregatik zuhaitzen omenaldia izenean. Horrez gain, aurora borealis (ipar agiak) hitzarekin eginiko jokoa da. Beraz, lurra eta zerua batzen ditugu izenean, eta biak batu nahi genituzke gure musikan. Ameriketako sustraietako musika eta Erresuma Batuko folkean oinarritzen gara, espazioko ukitu espiritual batekin. Nahi genuke entzuleek irudikatzea basamortuak, mendiak eta naturako beste lekuak gure musika aditzean. Nik, behintzat, hala egiten dut.

Azken diskoko kanta batean Midnight Oil taldearen Beds are burning ereserki ekologista aipatzen duzue.

Gizaki gisa asko zor diegu Lurra partekatzen duten beste izakiei, eta eskerrak eman nahi genuen horrekin. Gure kantetako asko nire birraitonak basoan eraikitako txabolan grabatzen ditugu.

Zure birraitonak Depresio Handiaren garaian eraiki zuen txabola. Babesa hartzen duzue han zuek ere gaurko krisitik?

Gauza guztietatik ihes egiteko balio digu. Gaurko krisia ez da ezer berria, jende askok pairatu zuen hori lehenago ere, eta nire birraitonak bezala, iraun zuen. Iragankorra dela gogoratzeko balio du. Disko berrirako kantak ditugu, eta orain erabaki behar dugu non grabatuko dugun.

Izenbururik pentsatu duzu?

Diskoaren izena erabakita dut, baina ez dut esango, ustekabea izatea nahi dudalako. Halere, esan dezaket zerikusia duela ekonomiarekin, eta horrek gure bizimodua aldatzeko duen ahalmenarekin. Musikarekin, kultura eta zibilizazioaren aurreko garaira eraman nahi dugu jendea.

No comments:

Post a Comment