Friday 5 February 2010

«Telebistak ematen dizu ospea, antzerkigintzak duen sorkuntzarik ez izan arren»



Edurne Lasa, aktorea.




Dagoeneko 32 urte daramatza aktore eta zuzendariak euskarazko antzerkia sortzen. Taupada taldearekin gaur estreinatuko du 'Isladak' antzezlana, taldeak berak sorturiko ikuskizun soziala.


Edurne Lasak 30 urte baino gehiago daramatza antzerkigintzan. Aktore gisa Goenkale-n hartu du parte, eta antzerki irakasle aritu da, besteak beste, Udako Euskal Unibertsitatean. Halere, bere egitasmo nagusia Taupada Antzerki Taldea izan da. Isladak lana estreinatuko du gaur, 22:15ean, Elgoibarko Herriko Antzokian (Gipuzkoa).



Testu bat hartu eta ikuskizuna prestatu baino askoz gehiago egin duzue Isladak lanean. Nola izan da prozesua?


Gure antzerki tailerretik sorturiko egitasmoa izan da. Taldeko aktoreen nahietan, ilusioetan eta bizipenetan oinarritu dira lanak biltzen dituen egoerak. Horietan oinarrituta gidoi bat prestatu genuen, eta hamar esketxetan zatitu dugu. Goitik behera guk sorturiko lana da. Zer kontatu nahi genuen, nori eta nola erabaki behar izan dugu. Bakoitzak buruan zuen kezkaren bat jarri du mahai gainean, eta horren gainean inprobisatu. Hortik gustuko genuena batuz, borobilduz eta gehituz joan gara. Gizarteko egoerak atera dira. Antzezlan soziala da.


Erd¡ Aroko antzerkian bezala, heriotza presente da. Zergatik?


Heriotza erabili dugu pieza guztiak borobiltzeko. Zein erraz moldatzen garen daukagunera eta bizitza nola uzten dugun pasatzen adierazi dugu lanean. Horregatik, bederatzigarren esketxean -Azken bidaian elkartuko gara- gogorarazi nahi izan dugu aberats edo pobre denok zuloan bukatuko dugula. Ikusleak motxilan dakarren bizipenen arabera bat egingo du gutxi edo gehiago lanarekin. Erreakzioa bilatzen dugu.


Askatasuna eta errepresioa da zortzigarren esketxaren izenburua.


Sinbolikoa da esketxa, eta ez dugu inon kokatu. Libre den norbaitek bere burua adierazi nahi du, baina indarra etortzen zaio eta eraman egiten du. Ez dakit bakoitzak nola bizi dituen Euskal Herrian gertatzen direnak, atxiloketak eta abar, baina sentikortasun apur bat duen guztientzat, lanean bistan agertzen da libre bizitzeko dugun muga.


Ikasleekin landuriko antzerki apala freskagarria da, muntaia handiekin alderatuz gero?


Asaldatu egiten naiz ikusten dudanean sekulako ikusmina dagoela antzezlan batzuk ikusteko aktoreak telebistan lan egin dutelako, baina beste lan eder askorekin aretoetan inor gutxi izaten da, eta, beraz, ez naiz ospetsuak ikustera joaten. Telebistak ematen dizu ospea, antzerkigintzak duen sorkuntzarik ez izan arren. 32 urte daramat Taupadan antzerkia euskaraz egiten. Goenkale-n nenbilenean neure buruari esaten nion: «Ez da posible! Badirudi orain ezaguna naizela».

No comments:

Post a Comment