Tuesday 16 February 2010

«Ez dugu identitatearen ideia baztertu behar, Frantziak era erreakzionarioan ibili arren»

Joseba Zulaika, antropologoa.

Argazkia: Durangoko Azoka


AEBetatik Bilbora etorri da Nevadako Unibertsitateko irakaslea, nortasun eta literaturaz mintzatzeko eta Bilboren emetasunaren inguruko txostena aurkezteko, hiriaren historiaren jardunaldietan.

Joseba Zulaika (Itziar, Gipuzkoa, 1948) Nevadako Unibertsitatean irakaslea da Renon (AEB). Bilbora etorri da, gaurtik aurrera hainbat ekitalditan parte hartzeko. Gaur, 19:30ean, literatura eta nortasunaz mintzatuko da, Suso de Toro idazle galiziarrarekin, Bidebarrietako Liburutegian. Bihar, Bilbo Emea: Hiria eta Emakumea txostena plazaratuko du, 18:00etan, leku berean.

Nortasunak gaindituta omen zeuden honetan, berriz modan jarriko ditu Frantziak?

Identitatearen gaia puri-purian dago, frantsesek piztu duten eztabaida atzerakoiarengatik. Baina kontzeptua nagusi eta arrunta izan da euskal kulturaz aritu garenontzat. Orain zalantzan jarri digute ideia, haren dekonstrukzioa egin dute. Ez dago ulertu behar, ordea, modu esentzialista eta etnikoa. Kontzeptu aberats, aldakorra izan daiteke, ez itxia, baizik eta estrategikoa. Nortasuna ez da zertan iraganera eta sustraietara begira egon; interesgarriagoa da, haatik, aurrera begira jartzea, era aurrerakoian erabiltzea. Ez dugu identitatearen ideia zertan baztertu, nahiz eta orain Frantzian era erreakzionarioan erabili.

Txostena prestatu duzu Bilboren emetasunaren inguruan. Nola har daiteke burdinaren Bilbo heavy metal hori emetzat?

La Bilbao esaten diot gaztelaniaz, beste batzuek bezala. Amatasuna ikusi zaio beti Bilbori. Bilboko eta Bizkaiko lehen lau buruak emakumezkoak izan ziren. Begoñako Ama Birjina, Anbotoko Mari... Emakume figura horien azpian dauden errealitate psikoanalitikoak interesatzen zaizkit. Euskal kulturan, politikan eta nortasunean dagoen impasse horietako bat da gizonezkoen eta emakumezkoen arteko harremana. Erotismoak berezkoa du impasse hori, baina euskal kasuan nabarmena da, eta oinarrizkoa.

Guggenheimen Bilbo emetzen ari da atzera?

New York Times-ek Bilboko Guggenheimez egin zuen lehen artikulu historiko hartan esan zuen museoa Marilyn Monroen haragiztatzea zela, forma borobildu erotiko horiekin. Frank Gehry arkitektoa ados egongo zen horrekin. Izan ere, Gehryk eta Marilynek psikoanalista bera zuten.

No comments:

Post a Comment