Thursday 25 February 2010

«Mendebaldeko gizarterik aurreratuenetan ere lortu ez dena lortu dute zapatistek»

Mercedes Olivera, antropologoa.



Chiapas munduko albistegietan agertzen hasi zenerako, 20 urte zeramatzan Oliverak Mexikoko eskualdeko emakume indigenen egoera aztertzen. Donostian mintzatuko da gaur, bizi osoko lanaz.

Mercedes Olivera (Mexiko Hiria, 1934) antropologoa da. Hiriburuko unibertsitateko lan erosoa alde batera utzi, eta Mexikoko estaturik pobreenera joan zen 1970eko hamarkadan, Chiapasko emakume indigenen egoera aztertzera, eta han dabil geroztik. Euskal Herrian da egunotan, Mugen Gainetik gobernuz kanpoko erakundeak antolaturiko Emakume Topaketak ekimenean parte hartzen. Gaur Donostian mintzatuko da, 19:30ean, Koldo Mitxelena kulturunean.

Zergatik utzi zenuen unibertsitateko lana Chiapasera joateko, Chiapas modan ez zegoen garaian?

Batez ere, Chiapasko iparraldeko eskualdeetan kafea ekoizteko etxaldeetan sortzen ziren gizarte harremanak ikertu nahi nituen. Emakumeen morrontza handia zegoen, eta orain ere badago. Kafegintzan aritzeaz gain, ugazaben etxe handian zerbitzatzen zuten, eta horretan sartzen zen sexu zerbitzua ere. Lotsagarria iruditu zitzaidan. Harreman horiek aldatzen lagundu behar nuela iruditu zitzaidan, eta han gelditzea erabaki nuen.

Zerk egin dio kalterik handiena indigenen kulturari, estatuaren uniformizazio ahaleginak ala ekonomia moldeak aldatzeak?

Merkataritza askeko itunek eragin ikaragarria izan dute komunitate indigenetan. Politika neoliberalekin, lurra ondasun pribatu bihurtu da. Orain saldu egin daiteke, eta horrek mesede egin die konpainia handiei, lur horiek eros ditzaketelako. Nekazariak eguneko soldatapeko langile bihurtu dituzte, eta gaizki ordainduta, gainera. Artoa da han jateko nagusia. Ameriketako Estatu Batuetako arto transgenikoa inportatu egiten dute, mugarik gabe. AEBetako Gobernuak diruz laguntzen duenez, hango artoa ezin da lehiatu, eta ez da dagoeneko landatzen.

XX. mendeko mundu gerrek emakumeen askapena bultzatu zuten moduan, ekonomia gerra horrek eragingo al du Chiapasko emakumeena?

Ekonomiaren egitura aldatu egin da errotik, eta horrek migrazioa bultzatu du, hiri handietara eta, batez ere, AEBetara. Emakumeak etxeko nagusi bihurtu dira Chiapasen. «Gizona eta emakumea naiz orain, aldi berean», esaten dute. Haiek bermatu behar dute janaria familia osoarentzat.

Zer aldatu da emakumeentzat Zapatisten matxinada abiatu zenetik?

Oso garrantzitsua izan da, lehen aldiz onartu delako emakumeek politikan parte hartzeko eskubidea dutela. Emakumeek leku askotan oraindik ez dute eskubiderik lurraren jabe izateko, eta, askotan, ezta norekin ezkondu nahi duten erabakitzeko ere, gurasoek saldu egiten baitituzte. Armada Zapatistak ateak ireki dizkie emakumeei, bai borroka armatuan, bai hezkuntzan, bai osasungintzan. Komunitate zapatistetan, parekotasuna lortu da parte-hartzean. Mendebaldeko gizarte aurreratuenetan ere ez dute halakorik lortu. Eragin handia du horrek beste emakume indigenengan, lehen aldiz ausartzen ari direlako menpekotasuna hausten.

Atzerabiderik gabeko aldaketa dela uste duzu?

Zapatistak ez diren komunitateetan aldaketa askoz zailagoa da, eta ez da osoa izaten. Gobernuak ezartzen dituen politikek menpekotasuna sortzen dute. Bidea beste bat da; emakumeak askatzea, euren bizitzak lehen pertsonan bizitzerik izan dezaten.

No comments:

Post a Comment