Thursday 11 March 2010

«Europako Batasunak ez du tokirik izango sortzen ari diren erraldoien munduan»


Txente Rekondo,  nazioarteari buruzko analista.
 


Brasilek, Errusiak, Indiak eta Txinak datozen hamarkadetan munduan izango duten nagusitasuna aztertuko du gaur, Zumarragan, Nazioarteko Analisien Euskal Kabineteko kideak.


Txente Rekondo (Donostia, 1965) ikasketaz kazetaria da, eta GAIN Nazioarteko Analisien Euskal Kabineteko kidea da. Brasil, Rusia, India y China: las nuevas potencias emergentes hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Zelai Arizti kultur etxean, Zumarragan (Gipuzkoa).

Gaur inor ez da gogoratzen Francis Fukuyama hartaz, Berlingo Harresia erori zenean historia amaitua zela esan zuenaz. Gaur emango duzun hitzaldiak frogatzen du oker zebilela?

Denok dakigu XX. mendearen amaieran oso aldaketa sakonak gertatu zirela. Bi polo zituen mundua bertan behera etorri zen. Ondoren, Ameriketako Estatu Batuen nagusitasuna ikusi genuen alor guztietan. Gatazka asko sortu dira horren harira. Baina, XXI. mendean sartuta, ikusten da dagoeneko beste aktore batzuk agertzen ari direla. Dagoeneko azterketa askok iragartzen dute mundua haiena izango dela 2050erako.

Nolakoa izango da mundua ordurako?

Lau estatu horiek ongi dakite beren artean koordinatuz gero sekulako aukera izango dutela ordena berrian eragin zuzena izateko. Euren interesak ez baitatoz bat AEBen edo Europako Batasunaren interesekin. Dagoeneko ikusten da koordinazio hori martxan jarri dela. Munduko populazioaren erdia Txina eta Indiaren artean izango dute laster. Ideia berria dakarte: polo askotako mundua izango da, eta oreka bilatu beharko da.

Errusia komunista ohia da; India, kapitalista, eta Txina, bien nahasketa. Sistemen arteko sintesia etorriko da?

Txinan Alderdi Komunistak kontrolatzen du politika, eta armadak pisu handia du, baina ekonomiarekin jolas egiten dute. Errusiak buelta eman dio egoerari, nahiz eta gizartean oraindik arazo handiak izan. Indiako gizarteko desorekak eta arazoak mila dira: erlijioen arteko borrokak, Kaxmir, gerrilla maoista, Pakistanekiko lehia... Kontraesanak sortuko dira hiru estatuotan, desorekak handiak direlako. Baita Brasilen ere.

Txinako Alderdi Komunistak eutsi ahalko dio gaurko sistemari, gizartea gero eta konplexuagoa eta aberatsagoa izanik?

Oraingoz ez da inongo aldaketarik izango Txinan. Oso ondo lotuta daukate.

Brasilen hazkundea ez da horren argi ikusten. Zuk bai?

Sekulako ahalmena du eta erreferentzia nagusia da gaur Hego Amerikan. Hori interpretazio baikorra da, noski. Baina zer gertatuko da Lula joan eta gero? Ustelkeria ere oso handia da.

Eta Europa zer izango da erraldoion artean?

Europaren garaia pasatu zen. Europako Batasunak ez du tokirik. Estatuak ez dira gai egitasmo komuna aurrera eramateko. Erraldoiok ikusten dute hori, gainera, AEBek bere garaian ikusi zuen bezala, eta nahiago dute estatuz estatu negoziatu. Europak izango du pisua, agian, baina guneka. Estaturik gabeko nazioek, ez badute estaturik lortzen, ez dute ahots propiorik izango datorren munduan ere. Halako errealitate txikiek askoz errazago egiten diote aurre mundu globalizatuari.

Zer datorkigun ikusita, Txinako bandera duen kamiseta janztea genuke hoberena, zuk bezala?

Aholku zuzena da Txinan mugitzen dena ikasi eta aztertzen duenarentzat.

No comments:

Post a Comment