Friday 23 April 2010

«Urte txarrak datoz, baina copyright eta copyleftaren arteko erdibidea helduko da»


Alberto Vara, musikaria eta informatikaria.
 
'SGAE, Ley de Sinde: cómo utilizar la música para robar' hitzaldia emango du asteburuan sortzaile madrildarrak Basaurin eta Laudion. Salaketa egiteaz gain, alternatibak aurkeztuko ditu.

Epidemia Sin Rumbo musika taldeko sortzailea da Alberto Vara (Madril, 1986), eta, lanbidez, informatikaria. SGAE: cómo utilizar la música para robar hitzaldia emango du gaur, 18:00etan, Txarraska gaztetxean, Basaurin (Bizkaia), eta bihar, ordu berean, Orbeko Etxean, Laudion (Araba).

Nahiko probokatzailea da hitzaldiaren izenburua. SGAE indarraren alde ilunean dagoela uste duzu?

Izenburua polemikoa da, baina horrekin salatu nahi dut SGAEk adierazpen askatasunari egin dion kaltea azken urteotan. Herri bati kobratu nahi diote jaietako ereserkia jotzeagatik, nahiz eta kanta hori jo SGAE sortu baino lehenagotik. Ileapaindegietan irratia jartzeagatik kobratu nahian ari dira, baita taberna batean telebista piztuta izateagatik. Interneteko guneak itxi ahal izateko, Sinde Legea bultzatu dute, epaitegiek P2P sareen bidez fitxategiak trukatzea legezkoa dela erabaki eta gutxira.

Ezagun batek auzoko jaiak antolatu zituen. SGAEko bat etorri zitzaion, musikarengatik ordaindu behar zuela esanez. Zer egin halakoetan?

Aurre egitea zaila da, ikusten delako Kultura ministroa eta SGAE eskutik helduta doazela. Hoberena haiengandik ihes egitea da, alternatiben bila. Taberna askotan dagoeneko ari dira copyleft lizentziapeko musika jartzen. La Oreja de Van Gogh jartzeagatik kobratu nahi badizute, ez jarri eta kito. Musika eta sorkuntza ulertzeko beste modu bat bultzatu behar da.

Artistek ordaindu behar dute?

Diskoak hamabost euro balio badu, SGAEk eta promotoreek eramaten dutenarekin artistak euro bat jasoko du. Alternatibak erabilita, erdia eramango du. Gutxiago saltzen dute, bai, baina jende gehiago joaten da gero kontzertuetara. Nork poltsikoratzen du gaur dirua The Beatlesek duela 30 urte sorturiko kantengatik? Michael Jacksonen seme-alabek, haien diskoetxeak eskubideak erosi edo ia lapurtu zituelako.

Baina nola konbentzitu musikariak, euren lanaz bizitzeko bermerik ez dutenean?

Garai bateko punk talde asko SGAEn daude, orduan erakundea ez zelako gaur bezain erasokor eta mafiosoa. Asko horrela ohitu dira, eta ezingo ditugu konbentzitu.

Software librearen aita Richard Stallmanek proposatu du kobratze sistema erabiltzea, baina gero artistei oinarrizko soldata ordaintzeko.

Ideia ona da, Herbehereetan badute halako zer edo zer, baina gero erregulatu egin beharko litzateke. Artista askok duela hogei urte egin zituzten kanten lepotik bizi nahi dute, geroztik kolpe zorririk ere jo ez badute ere.

SGAEko Ramoncinez ari zara?

Agian, baina ez dut salaketarik nahi, beraz, Ramoncinena zeuk esan duzu.

Gaurko zuri edo beltzetik harago, etorkizunean ez al gara helduko erdibide batera?

Urte txarrak datozkigu, baina azkenean copyright eta copyleft lizentziak erabili ahal izatera helduko gara, erdibidera. Enpresek eta musikariek pentsamoldea aldatu beharko dute: ezin duzu CDarekin tematu inor ez dabilenean kalean discmanarekin. Itunes eta Jamendo moduko zerbitzuak gailenduko dira.

Zer egin behar lukete hurrengo auzoko jaietan?

Copyleft musika erabili. Halere, hoberena da inguruko sei bat talde ekartzea. Dirua aurreztuko duzu, eta giro hobea sortuko da.

No comments:

Post a Comment