Tuesday 25 May 2010

«Sexuaz eta drogez gu baino askoz dekadenteago eta xaloagoak ziren Factoryn»

Britta Phillips, musikaria.

Britta Phillips, Dean Warehamekin


Andy Warhol pop artistak bere lagun eta ingurukoei zinemarako eginiko probei musika jarri die Dean & Britta bikoteak. Bilbon joko dituzte gaur 13 erretratuok, Lou Reedena eta Nicorena tartean.


Britta Phillipsek (Pennsylvania, AEB, 1963) Dean & Britta bikotea osatzen du, Dean Wareham senarrarekin. Luna taldean egin zuten bat biek, 2000. urtean. 13 Most Beautiful... Songs for Andy Warhol's Screen Tests egitasmoa taularatuko dute gaur, 20:00etan, Bilboko BBK aretoan. Warholek Factory estudioan lagunei eginiko zinema erretratu mutuei musika jarri diete Dean & Brittak.

Andy Warhol museoak eskatu zizuen erretratuoi musika jartzeko, baina zergatik zuek aukeratu lanerako?

Luna taldearekin Velvet Undergroundekin jo genuen, baita Warholen museoan ere. Gure musikak garai hartako eragin handia du: New Yorkeko retro soinua.

Nondik abiatu zineten pantailarako proba hauei musika jartzeko?

Hasteko, askotan ikusi genituen filmok. Asko irakurri genuen garai hartaz, pertsonaien biografiaz... Factoryn denbora asko pasa zuen jendea aukeratu genuen, Warholen bizitzan oso sartuak zirenak. Izan ere, Warholek 500 erretratu inguru egin zituen. Batzuetan, aurretik genuen musika jarri diegu; besteetan, horretarako propio idatzia. Baina denak pantailan ikusten den horretatik abiatuta. Lotura intimo pertsonala lortu nahi izan dugu pertsonaiarekin, gurekin hemen dagoela sentiarazteko. Soinu banda eta bideokliparen arteko zerbait da.

Lou Reed edo Nicorekin, kontuan hartu zenuten haien musika?

Lou Reeden kasurako, Velvet Undergrounden abesti aski ezezagun bat jotzen dugu: Not a Young Man Anymore. Erretratua egin zuten urtean egin zuen kanta, 1965ean; beraz, perfektua zen. Kontzertu batean etorri zitzaigun Reed bera, eta lasai geratu zela esan zigun, ederra zela emaitza. Nicorentzat Bob Dylanen kanta bat aukeratu genuen.

Ospetsuen artean, badira ezezagunak erretratu horietan.

Freddie Herko dantzaria, esaterako, tipo galtzaile zoragarri horietako bat, izugarrizko talentua zuena, baina porrotera kondenatua. Uste dut beldur ikaragarria ziola agertokiari. Artista zen bizitzan, baina ez beste inon. Erretratua oso iluna da, beldurgarria. Izan ere, bere buruaz beste egin zuen bi hilabete geroago.

Zuk ez zenuen giro hura bizi, baina garai haren falta sumatzen duzu?

Gaurko jendea baino askoz dekadenteagoak ziren Factory ingurukoak orduan, denen bistan, eta xaloagoak. Gaur, ezin zara horren xaloa izan. Drogen eta sexuaren arriskuak gogoan ditugu beti. Benetan zuten interesa artean, eta bizitza artelantzat hartzen zuten. Gaur dirua da axola duen guztia. Ez da posible atzera egitea, baina zikloak direla-eta agian etorriko da bueltan.

No comments:

Post a Comment