Thursday 1 July 2010

«Argentinako hondamendia pairatuko dugu laster, Txinako lan baldintzak ezarri aurretik»

Nekane Jurado, ekonomialaria.



Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Planifikazioaren arduraduna izan da 25 urtez. Katalunian jaioa da, eta ekonomian aditua. Gaur goizean mintzatuko da Donostian, Gaindegiak antolaturiko mahai-inguruan.

Ekonomialaria eta psikologoa da Nekane Jurado (Ponts de Suert, Lleida, Katalunia, 1958). 25 urtez, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Planifikazioaren arduraduna izan da. Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behatokiak mahai-ingurua antolatu du, gaur 11:00etan, Koldo Mitxelena kulturunean (Donostia). Juradorekin batera, Baleren Bakaikoa eta Anton Borja arituko dira.

Nongo eredua ari dira jarraitzen Euskal Herrian; hau da, zein herrialderen antza hartuko dugu?

1995ean azaldu nuen Mendebalak bere burua irentsiko zuela Txinaren eta besteren lehiakortasunaren eta baldintzen bila. Gero eta antz handiagoa izango dugu Txinarekin. Haiei lan baldintzak hobetzera behartu ordez, hango lan baldintzak ezarri nahi dizkigute: gizarte babesik ez eta lan merkatu erabat desitxuratua. Halere, Txinara heldu aurretik, Argentinako fasetik pasako gara, urte gutxi barru: han, 15 urte eskasetan, per capita errenta erdira jaitsi zuen Nazioarteko Diru Funtsaren desegituraketak. Hegoamerikako herrialderik garatuenek paraturiko hondamenditik pasako gara.

Corralito -bankutik aurrezkiak ateratzeko muga- eta halakoak hemen ezartzea posible ikusten duzu?

Bai horixe. Dirua bankutik atera beharko genuke, eta adreilu baten azpian gorde. Behintzat ez izan dena banku berean. Konturatu behar dugu bankuek geure diruarekin egurtzen gaituztela. Igarriko bagenu zelako boterea dugun aurrezle gisa, desobedientzia edo intsumisio kanpaina hasiko genuke behar ez den kontsumoaren eta bankuen kontra.

Halere, txostenean diozu arazoa kontsumo urria dela, ez produktibitate txikia.

Bai, hala da kapitalismoaren parametroekin aztertuta. Jendeari soldata murrizten diote edo langabeziara bidaltzen dituzte. Konponbidea ez da, beraz, mailegua merkatzea, ez dakizulako bihar itzultzerik izango ote duzun, baizik eta lana sortzea eta errenta berriz banatzea, hemen nahikoa dagoelako. Kontsumoarekiko intsumisioaz mintzo naizenean, ez nabil parametro ekonomizistekin, baizik eta gizarte ikuspegitik. Euskal Herria hiru Euskal Herria jaten ari da. Hori ez da elkartasuna. Gaurko eredu desarrollistari ezin zaio eutsi, sistema osoaren krisia da.

Joseph Stiglitz Ekonomiako Nobel saridunak ohartarazi du gastua murrizteko politikek hondamendia ekarriko dutela.

Neurriok krisi gehiago sortuko dute, errenta esku gutxiagotan jartzen ari direlako. Bide bat eman nahi diote zerga paradisuetan dagoen diruari alor publikoan kokatzeko, hau pribatu bihurtzera behartuta.

Inguruko jende gehienak mila euro inguru irabazten badu, nondik ateratzen da Euskal Herriak EBk baino per capita errenta handiagoa duela adierazten duen estatistika?

Barne produktu gordina biztanleen artean zatikatzen dute. Europako iparraldeko herrialdeetan lau lagun esertzen dira oilasko bat jatera. Euskal Herrian ere, pisu bereko oilaskoa dugu lau lagunentzat, baina, hemen, batek jaten du oilaskoa eta beste hirurei hego muturrak eta lepoa uzten die. Batez bestekoa berdina da.

Nor ari zaigu oilaskoa jaten?

BBVAko administrazio kontseiluko kideak bi milioi euro pasatxo irabazten ditu urtean. Halakoek zurekin eta nirekin egiten dute batez bestekoa. Uste dugun baino askoz jende gehiagok irabazten du hemen 300.000 euro baino gehiago urtean. Enpresa handietako exekutiboak dira, eta lanpostuak murrizteagatik eta kolokan jartzeagatik saria ematen diete.

Iragar dezakegu laster txinatarrak bezala lan egiteko pribilegioa izango dutela gutako zorionekoenek?

Hori egiteko asmoa dago. Oraindik ahalmena dugu norabidea aldatzeko. Euskal Herrian beldur handiena ematen didana hauxe da: sinesten ari garela mezu hori, krisia konponduko dutela eta iragankorra dela. Urrezko denbora galtzen ari gara. Inoiz baino gehiago behar dugu independentzia, arrazoi ekonomikoengatik. Politika ekonomikoa egiteko benetako tresnak estatuen esku daude. Independentzia lortu eta eredu ekonomikoa aldatzea, ez dugu beste biderik.

No comments:

Post a Comment