Tuesday 31 August 2010

«Euskal Herriko ontziak oso egokiak izan dira beti edonora joateko»

Xabier Agote, itsasontzigilea.



Portugal, Galizia, Eskozia eta Euskal Herriko barku tradizionalen argazkiak ikusgai jarri dituzte Pasaian, Atlantikoko herrialdeon ontzigintzaren historia zer izan den erakusteko.

Euskal Herriko itsasontzi tradizionalak lehengoratzen ditu Pasaiako Albaola elkarteak (Gipuzkoa). Elkarte horren presidentea da Xabier Agote (Donostia, 1964). Ardatz Atlantikoko itsasontzi tradizonalak erakusketa jarri du Pasaiko Ondartxo Itsas Kulturaren Zentroan (San Pedro). Europako hainbat herrialdetako ontzien argazkiak daude ikusgai.

Zergatik erakutsi batera Portugal, Galizia, Euskal Herriko eta Eskoziako ontziak?

Dorna egitasmoaren barruan sartzen delako erakusketa hau. Europako atlantikoko ardatzeko itsas kultura bultzatzea du helburu, batez ere ontziola tradizionalei dagokienez.

Zein ontzi mota ikusi ahalko da Pasaian?

Ontzi tradizionalen ikuspegi orokorra ematen dugu. Herrialdeotan izan diren ontzi tradizionalak daude ikusgai, eta, batez ere, Euskal Herrikoak. Lekua oso egokia da erakusketarako, ondare gisa balioa duten Itsas Museoko ontziak ere ikusgai daudelako han.

Itsaso bera partekatzen dute lau herrialdeok, baina zertan dira ezberdinak hango eta hemengo itsasontziak?

Itsaso bera da, baina bazterrak ezberdinak dira. Euskal Herriko kostak ez du zerikusirik Portugalgo edo, batez ere, Galiziako kostaldearekin. Galizian itsasadar handi horiek dituzte. Ontzi gehienek horien barruan egin izan dute lan, itsasadarrok oso aberatsak direlako, eta aberastasuna barruan duzunean ez duzulako kanpora ateratzeko beharrik. Eskoziak ere badu kosta babestua, iparraldean itsasoak gogor jotzen badu ere. Euskal Herrian ez dago halakorik, eta euskaldunak beti atera behar izan du itsaso bortitz handiari aurre egitera. Horrek baldintzatu du ontzion diseinua.

Sendoagoak dira?

Euskal Herriko itsasontziak oso egokiak izan dira beti edonora joateko. Duela lau urte Ternuara egin genuen Apaizac Obeto espedizioaren inguruko dokumentala amaitzen ari gara, eta laster aurkeztuko dugu. Ameriketatik trainerua eraiki genuenean, Irlandari buelta osoa ematea erabaki genuen. Sei astez ikusi genuen zer- nolako gaitasuna duen ontzi horrek itsasoaren edozein egoerari aurre egiteko.

No comments:

Post a Comment