Friday 8 October 2010

«Hemen eta gaur matxino izateari utzi gabe errealista nola izan erakutsi nahi dut»

Josu Montero, idazlea.

Antzezlanaren une bat.


Hamabost urtez kartzelan egondako euskal preso bat da Barakaldoko egilearen 'La espera. Nadar de noche' antzezlaneko protagonistetako bat. Hortzmuga taldeak Bilbon taularatuko du igandera arte.

La espera. Nadar de noche antzezlana estreinatu zuen atzo Hortzmuga taldeak Bilbon. Josu Montero (Barakaldo, 1962) idazleak sortu du testua. Lan askoren egile, literatura munduaren aurpegi guztiak ezagutzen ditu idazleak, poesia, antzerkia, kritika, irakaskuntza eta liburudenda bat ere zuzendu du. Joseba Apaolazak, Arantza Goikoetxeak eta Gurutze Beitiak, BBK Aretoaren agertokian antzeztuko dute lana, igandera arte, 20:00etan.

Nola sortu zen La espera. Nadar de noche antzezlana?

Michael Azamaren Le Sas eta Enzo Cormannen Mingus Cuernavaca bakarrizketetatik abiatu nintzen testua idazteko. Muturreko egoeran dauden bi pertsonaiak agertzen dituzte lanok: hilzorian dagoen musikari bat [Mingus Cuernavaca] eta espetxean hamabost urte eman ondoren, hurrengo egunean askatuko duten emakume bat [Le Sas]. Raul Cancelo zuzendariak proposatu zidan bi ideiotatik abiatzea. Ez ditut idazleon testuak erabili antzezlanerako, soilik egoerak.

Ez al zaizu zaila izan bi testuetatik beste bat sortzea, edo, harkaitz Canok duela gutxi esan zuenez, idazleek agian textjockey bihurtu beharko duzue?

Beti maite izan ditut bi bakarrizketa horiek, eta horrek lana zaildu egin dit izugarri. Izan ere, oso ondo ezagutzen nituen testuok, eta lanak hartu ditut antzezle horien lanetatik urruntzeko. Beraz, bi pertsonaiok gaur eta hemen kokatzea erabaki nuen, 2010eko Euskal Herrian, alegia. Bi pertsonaiak industriaren galeraren haurrak dira, punkarenak. Matxinoak dira, eta, muturreko egoera ikusita, errealitatea onartu beharko dute. Errealitatea onartzea matxino izateari utzi gabe, hori erakustea izan da lanik gaitzena. Gaurkotasun aipamenak sartu ditut, Bilbo, itsasadarra...

Emakume presoari tiraka, gure errealitate politikoan sartu zara?

Borroka armatua aukeratu izanagatik dago preso nire pertsonaia. Hitz egiten du horretaz, baina aipamen lausoak dira. Azamaren eta Cormannen lan egiteko erak zerikusi handia du politikarekin. Cormannek poelitika deitzen dio bere antzerkigintzari. Istorioaren bidez, saiatzen da maskara kentzen gizartearen, ekonomiaren eta politikaren errealitateari. Gizakiaren barrutik gizarterako eta politikarako bidaia egiten du bere lanean. Ideia hori jaso dut nik ere.

Alain Sanchok saxofoia joko du zuzenean lan horretan.

Azamak dio antzerkian elea kantu bihurtzen dela. Protagonistetako bat musikaria denez, saxofoi hori haren arima da.

Nola prestatu behar da ikuslea lanaz gozatzeko?

Ikuskizun indartsua dela esango nieke, eta prestatuta joateko. Asko jolasten da testuarekin. Errealista da, oso, baina, aldi berean, poetikoa. Ez da lan optimista, baina bai bizitzaren aldekoa, ehundik ehunean.

No comments:

Post a Comment