Friday 27 May 2011

«MP3ak banalizatu egin du musika»

Carlos Escobedo, Sober taldeko abeslaria.

Escobedo, erdian, taldeko gainerako kideekin.

Zatiketa baten ondorioz zazpi urtez diskorik atera gabe egon ondoren, 'Superbia' plazaratu du Sober taldeak, eta gaur aurkeztuko du, Barakaldon. Harrokeriari buruz mintzo zaigu abeslaria.

Carlos Escobedo musikariak (Madril, 1975) Sober taldea sortu zuen, 1994. urtean. Espainiako rock alternatiboko talderik hoberenetako bat dela erakutsi du urteotan. Besteak beste, Motorhead eta Metallicarekin partekatu dute agertokia. Superbia diskoa argitaratu berri dute —lehena zazpi urtean—, eta gaur aurkeztuko dute, 20:00etan, Barakaldoko Rock Star Liven (Bizkaia).

Duela zazpi urte inguru, Sober bi taldetan banatu zen. Orain, berriz elkartu zarete, eta diskoari Superbia (Harropuzkeria) jarri diozue. Bekatu horrek banaketan zerikusia izan zuela onartzen ari zarete?

Zentzu bikoitza du. Diskoko Superbia kantan gizakiaren harrokeriaz mintzo gara, natura suntsitzen doala salatzen dugu. Handinahikeria eta diruzalekeria horiek agertzen direnean, suntsiketa gertatzen da. Diskoaren industriaren inguruko kritika ere bada: exekutibo horien diruzalekeriak eraman gaitu gaurko krisi egoerara. Gizakien bekatu nagusiak agerian utzi nahi izan ditugu: gizentzen gaituztenak, gero akabatzeko.

Ez didazu erantzun. Harropuzkeriagatik banandu zineten duela zazpi bat urte?

Bai, eta batez ere errutinarengatik. Horrenbeste denbora daramazunean sortzen, grabatzen eta promozionatzen, hasten dira gauzak ateratzen, barruan dituzuenak, erreprimituak. Gauza itsusiak, alajaina. Orduan izaten da unea gelditzeko, oxigenoz betetzeko. Horregatik, ez genuen inoiz banaketarik iragarri. Haatik, atsedenaldi mugagabea iragarri genuen. Beste talde paraleloetan aritzeak eman digu aukera oinak lurrean jartzeko. Hasieran ilusioa eta zirrara dena, ohikeria bihurtzen da konturatu gabe, eta nik ez nuen nahi halakorik gertatzea, niretzat musika gauzarik kuttunena delako, eta oso fidel izan nahi nuen harekin. Nire amak ere esaten zidan hori.

Soberrek eman eta beste taldeek ziurtatu ez zizueten arrakasta berreskuratu nahi izan duzue?

Banatzean ere argi utzi genuen ez ginela honetan ari diruarengatik. Gelditu ginen garaian ematen ari zen taldea diru gehien. Horrek erakusten du musikarekiko maitasunak eta horrekiko fideltasunak mugitzen gaituela.

Zertan dira ezberdin orduko eta oraingo Sober?

Asko aldatu da gauzak planteatzeko dugun modua: diskoa nola osatu, zenbat kanta sartu... Lehen aldiz, esaterako, 25 kanta izan ditugu, 11 aukeratzeko. Sonyrekin ituna dugu, baina gu gara geure masterraren, abestien eta alde artistikoaren jabeak. Guk erabakitzen dugu kontzertuak noiz egin eta non.

Azkenean deabruarekin ituna egitea onartu duzue?

Izaera sendoa ez baduzu, diskoetxeek erabakitzen dute. Universaletik alde egin genuen horregatik, ez ginelako elkarrekin moldatu. Orain Sonyrekin ateratzen dugu diskoa, banaketan ez dugulako indarrik, baina promozioa eta beste guztia geure eskuetan dago. Sonyk ez daki, esaterako, elkarrizketa hau egiten ari garela. Geure musika da, eta ez dira sartuko geure estetikan edo adierazi nahi dugun horretan.

Webgunea eta diskoaren liburuxka 3Dn egin duzue. Zergatik?

Ideia argia genuen azalerako. Eskuak, argia, batasuna... Taldea nola dagoen adierazi nahi genuen. MP3ak banalizatu egin du musika, eta guk beste dimentsio bat eman nahi genion horri, eta diskoa begiratzea bera erritual bihurtu.

No comments:

Post a Comment