Sunday 29 May 2011

«Oso serioak gara geure musikarekin, baina beti dugu lekua ironiarentzat»

Magdalena Zenz, musikaria
Magdalena Zenz —atzean— zein Dietlinde eta Marie Theres Hartel ahizpak dira Netnakisum taldea. / JULIA WESELY
Austriako Netnakisum hirukoteak klasikoa, folka eta Britney Spears nahasteko trebezia teknikoa eta kontzeptuala duela erakutsi nahi du gaur Bilbon, disziplina zorrotza umorearekin are zorrotzagoa delako.

Netnakisum taldeko biolin jotzailea da Magdalena Zenz (Styria, Austria, 1984). Definitzeko erraza ez den musika egiten du Austriako hirukoteak: alde batetik, musika klasikoa, folka eta rocka jotzen dutelako, biolin, biola, txelo eta ahotsekin. Eta, bestalde, umore dosi handia erabiltzen dutelako emanaldietan. Teknika handia zein gogo kaskarina erakutsiko dute gaur, 20:00etan, BBK aretoan, Bilbon.

Netnakisum izenak —Musikanten, hau da, musikariak alemanez, baina alderantziz— argi uzten du aldrebesak izateko erabakia hasieratik hartu zenutela?

Hasieran Austriako musika tradizional asko jotzen genituelako dugu izena. Horretan daude gure sustraiak. Baina hori jotzeaz gain, klasikoarekin eta popa eta rockarekin hazi ginen. Klasikoa ikasi genuen, eta ondo pasatzen genuen elkarrekin jotzen. Graz hirian elkartu ginen berriz, eta han erabaki genuen ez genuela soilik ezkontzetan eta halakoetan joko, baizik eta geure musika sortu nahi genuela eta geure estiloa. Beraz, nahasketa da, baina oso geurea.

Ikasketa klasiko serioen kontrako mendeku gisa erabaki zenuten musika umorez hartzea?

Oso serioak gara geure musikari dagokionez. Jendearekin hitz egiten dugu kontzertuetan, eta kontari aritzen gara, baina bat-batekoa izaten da. Gure kontzertuak ez dira, halere, entretenimendu hutsa, baina gustuko dugu kanten artean jendeari kontatzea jo behar ditugun piezak zertan diren eta nola sortu genituen. Kontzertuak dira, beraz, baina beti dago tokia ironiarentzat.

Garai batean halako soineko tipikoak-edo janzten zenituzten. Hori alde batera utzi duzue orain. Zergatik?

Jantzi tradizionalak etxean utzi ditugu jendeak musikan jar dezan arreta, ez eta jantziotan. Hiru musikari gara, tresna klasikoak jotzen, baina ez musika klasikoa, ez eta modu klasikoan ere. Partiturak ere etxean utzi ditugu, dena askeago izan dadin, eta lasaiago.

Hor kontrastea zuen trebezia teknikoak jartzen du. Orkestra klasiko handietan sartzeko tentaziorik ez al zenuten izan?

Bai, baina aspaldiko kontua da hori: hamahiru urte! Azkenean lortu egin dugu nahi genuena: musikarekin ongi pasatzea, eta, aldi berean, kalitatezko zer edo zer egitea.

Besteak beste, Aljerian, Shanghain eta Hong Kongen (Txina) jo duzue. Ulertzen al dute txinatarrek zuen ironia?

Ez dakit oso ondo nola edo zergatik, baina orain arte beti funtzionatu du. Euskal Herrian ez dugu euskaraz abestuko, ez dakigulako, baina geure hizkeran egingo dugu, eta musikak hori du ona, ez dituzula hitzak ulertu behar, musikak berarekin eraman zaitzan.

Beste hainbat musikarirekin lanean ari zarete.

Erika Stucki suitzar-estatubatuar abeslariarekin ari gara lanean, eta kontzertu bat emango dugu harekin urte amaieran. Horrez gain, egitasmo bat dugu Alemaniako Matthias Schriefl jazz tronpetistarekin.

AEBetako folk xelebrea eta Alemaniako jazz punka, beraz. Zuen herrikide Mozart ere bere garaiko punk xelebre gisa erretratatu ziguten zineman. Horren oinordekoak zarete?

Mozarten polka bat genuen lehen diskoan, baina orain ez dugu haren musikarik jotzen. Serbiako abesti bat joko dugu Bilbon, baita ingelesezko kanta pare bat ere, eta, noski, alemanezkoak. Styriakoak gara, eta soinekoak soineko musika tradizioa oso bizirik dago han.

No comments:

Post a Comment