Thursday 2 June 2011

«Ez ditut gazteak irakurtzera bultzatu nahi, baizik eta idatz dezaten akuilatu»

Xavi Sarria, idazlea.


Kataluniako Obrint Pas taldeko abeslari eta gitarra jotzaileak lehen liburua aurkeztuko du Iruñean, Gasteizen, Donostian: paradisuz janzten duten errealitateko istorio mosaiko bat, erritmo bizikoa.
Xavier Sarria i Battle (Bartzelona, 1977) ezagunagoa da Obrint Pas taldeko kantari eta gitarra jotzaile gisa, idazle moduan baino. Izan ere, lehen liburua du Històries del Paradís. Gaztelaniazko bertsioa plazaratu du Txalaparta argitaletxeak, eta Sarriak berak aurkeztuko du gaur, 13:00etan, Iruñean, Gazteluko plazako liburu ferian, eta 19:30ean, Gasteizko gaztetxean. Bihar Donostian izango da, 19:30ean, Koldo Mitxelena kulturunean.

Lehen liburua bidea urratzeko da, zure taldearen izenak dioen moduan?

Bai. Ikus-entzunezkoekin ohituagoa dago geure belaunaldia, baina literaturak asko gogobetetzen nau. Gauza askotaz hitz egin dezakegu literaturaren bidez, nahiz eta gai horiek dagoeneko jorratuak izan musikarekin. Osagarriak dira musika eta literatura, eta gehiago murgildu nahi dut bigarrenean. Katalanez dagoeneko lau argitaraldi egin dituzte.

Erraztu al dizu bidea musikari gisa ezaguna izateak, ala zaildu?

Lagundu egin dit, oro har, jendearengana azkarrago heltzen, baina aurreiritziak ere topatu ditut. Hau nahikeria bat ez dela izan eta jarraitzeko asmoa dudala frogatu behar izan dut.

Ez diozu irakurleari errazten musikaria zarela ahaztea, ipuin bat The Clashen aipu batekin zabalduta.

Istoriook geure abestien ildoari jarraitzen diote, eta baten bat kanta batean dago oinarritua, zuzenean. Ni bezalakoei hitz egiten saiatzen naiz, geure azpikultura alternatibo bera dutenei. Aipatzen ditut Femi Kuti eta Extremoduro, baina baita Eduardo Galeano, Malcolm X eta Humor amarillo telebista saioa ere.

Izenburuak izenburu, margotzen duzun munduak ez du ematen paradisua.

Paradisua saldu nahi izan digute, Mendebaldeko gizartea, askatasunak, eskubideak... Horretan dauden arrakalak erakutsi nahi izan ditut, horiek ikustea maite nahi ez badugu ere. Finlandiako eskola batean gertaturiko tiroketa eta sarraskia hartu dut gaitzat, esaterako. Europako iparralde lasai, aberats, demokratiko eta perfektuko mutil hiltzaile horren buruan sartzen saiatu naiz. Istorioa idatzi egin nuen, eta, argitaratu aurretik, berriz gertatu zen.

Nazioarteko gaiekin duzun kezka kazetari gisa Valentziako L'Avanç egunkarian egiten duzun lanarengatik dator?

Beti izan dut interesa nazioarteko gaiekin. Taldearekin ere asko bidaiatu dugu, eta horrek aukera eman digu hainbat lekutako errealitatea ezagutzeko, pantailaz harago. Horregatik eraiki nuen liburuan agertzen den unibertso hori.

Bitxia da: liburuan Kolonbia, Kurdistan, Japonia agertzen dira..., baina Katalunia non?

Tira, istorietako bat Valentzian gertatzen da, lekua aipatzen ez bada ere. Edozein hiri izan zitekeen. Ez nituen istorioak testuinguru jakin batean itxi nahi, norberak errealitate horiek hurbilago senti zitzan.

Itzulpenarekin pozik egotea beste aukerarik ez duzu, ala?

Bai, batez ere Roger anaiak egin duelako. Oso pozik nago, eta baita Txalapartarekin argitaratu izanarekin ere, horren lanarekin identifikatu egiten naizelako.

Liburu hau aukera ona da «deskonektatzeko», Wii-a pizten dutenentzat?

Nik ez ditut gazteak irakurtzera bultzatu nahi, baizik eta idatz dezaten akuilatu. Geure belaunaldiko idazleak behar ditugu, geure ikuspegia agertzeko, musikan dagoeneko egiten dugun bezala.

No comments:

Post a Comment