Wednesday 8 June 2011

«Eskizofreniaren alde ona bilatu nahi nuen, neure burua zulotik atera eta kontatzeko»

Vicente Rubio, bideogilea.
 
 

Buruko gaixo eta haien senideen elkarteak 'Solo' dokumentalaren inguruko solasaldia antolatu du. Eldarnioa, errealitatea eta fikzioa nahasten ditu egileak, nola gaixotu eta nola sendatu zen azaltzeko.
Vicente Rubio (Alacant, Herrialde Katalanak, 1971) ikus-entzunekoen sortzailea da. Eskizofreniaren putzuan nola hondoratu zen eta hortik nola atera zen kontatzen du, lehen pertsonan, Solo dokumentalean. Lana erakutsi eta solasaldia egingo dute gaur, 18:30ean, Elgoibarko Kultur Etxean (Gipuzkoa), Agifes elkarteak antolatuta.

Lanarekin erotu beharrean gaudela esan ohi dugu. Zure kasuan hori hitzez hitz gertatu zen?

2003an bideo bat egiten hasi nintzen, fikziozko lan bat, orduan nituen ideia espiritual eta mesianikoak kontatzeko. Izugarri sartu nintzen pentsamolde horretan, eta mundu espiritual hori errealitatean gorpuzteko grina garatu nuen. Nire maite idealaren bila egin nuen bidaian neure burua grabatu nuen. Horrek gaitzean erortzea eraman ninduen, eta azkenean eskizofrenia diagnostikatu zidaten.

Bitxia da, eskizofrenia normalean nerabezaroan agertzen baita.

Nik 32 urte nituenean hasi nintzen. Ez da ohikoena, baina gertatzen da. Probatu ditut psikotropikoak, baina ez ditut inoiz drogak sarri hartu. Gogo biziak eta grinak kosta ahala kosta errealitate bihurtu nahi izatea eskizofreniaren sintomen artean dago. Haluzinazioak eta eldarnio mistikoak nituen, eta, azkenean, espirala izugarri bortitza zen, eta ezin nuen kontrolatu. Erietxe psikiatriko batean sartu ninduten.

Eskizofrenikoak sendatzeko eldarnioak eta errealitatea bereizten ikasiz joan behar duela diozu lanean. Zuk tartean kamera sartu zenuen. Lagundu al zizun horrek?

Gaitza zertan den jabetzean datza osatzeko prozesua. Nik neure burua ameslari definitzen nuen, eta hitz horrek nire egoerari dramatismoa kentzen lagundu dit. Esna amesten duzunean ez dakizu amesten ari zarena. Hirugarren bat behar duzu horretaz jabetzeko. Nik kamera nuen, eta gertatzen zitzaidana jendeari kontatzeko motibazioa.

Kamera aurrean izanda, nola bereizten zenuen zer zen eldarnioa eta zer antzezten ari zinen?

Neure buruaren grabazioetan dena egiazkoa da, ez dago antzezpenik. Gero, tartekatuta daude pertsonaia mesianiko bizardun horrekin egiten dudan fikzioa.

Fikzioa sartzeak ez al dio arazo handia sortzen ikusleari: zer den performancea eta zer eromena bereiztea, alegia?

Alacanten performancea egin nuen, kutxa batean sartuta, metro kubo bateko psikiatrikoan. Jendeak zulotxo batetik ikusten ninduen, eta kanpoan kamera batek galdetzen zien eroa barruan ala kanpoan egon behar ote zuen. Jendeak duda egin dezakeela zer den egia eta zer antzezpena? Arrisku hori neure gain hartzen dut. Ez zait zalantza horren larria iruditzen, kontatzen dudana ikusita.

Inork eskatu al dizu gaixo agiria?

Psikiatriaren profesionalek ikusi dute lana, eta inork ez du zalantzan jarri. Buruko gaitza zer den ez dakien ikusle orokorrak zalantza izatea ulertzen dut, halere.

Arteterapia gomendatuko zenieke gaixoei?

Niri asko lagundu dit neure ametsez hitz egiteak. Nik bideoa egin dut, baina norberaren bizipena kontatzea da kontua, edozein adierazpideren bidez. Niri behintzat lagundu egin dit sendatzen. Bizitan gertatzen zaigun guztia ikasgaia da. Eskizofreniaren alde ona bilatu nahi nuen, sendatu eta gero kontatzeko. Emozioak partekatzeak edozein zulotik ateratzen zaitu.

No comments:

Post a Comment