Tuesday 4 December 2012

«Nazioartearen presioak aldaraziko du Israel, gizarteak erantzun egingo baitu»

Sahar Vardi, intsumisoa.



Argazkilaria: Andrew Taylor


'Refusenik: intsumisioaren prezioa Israelen' hitzaldia emango du gaur, Donostian, eta bihar, Iruñean, Sahar Vardik, okupazio politikaren aurkako eta palestinarrekiko elkartasun mugimenduetako kideak.

Sahar Vardi (Jerusalem, 1990) bakearen aldeko ekintzailea da Israelen. Kartzelan sartu zuten, Israelgo armadan aritzeari uko egiteagatik. Refusenik: intsumisioaren prezioa Israelen hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Koldo Mitxelena kulturunean, Donostian. Bihar, Iruñean arituko da, 20:00etan, La Hormiga Atomica liburu dendan.



Israelen, gizonezkoek hiru urteko soldaduska egin behar izaten dute, eta emakumezkoek, 21 hilabetekoa. Zertan da ezberdina emakumezkoentzat intsumiso izatea?

Alde batetik, errazagoa da emakumeentzat, gizonezkoen eginkizun militarra garrantzitsuago ikusten delako. Jende askok esaten du, «beno, azken batean ez zenion horrenbeste ere emango armadan». Bestalde, gizartea gogorragoa da emakumeekin, intsumisoa izan edo ez, bigarren mailakotzat hartzen delako halako gizarte militaristan. Armadan, gainera, sexu jazarpen handia dago, ofizialek eginiko bortxaketak... 18 urteko gaztetxo batek hiru urte halako giroan pasa ondoren, berdin jokatzen du gizarte zibilean. Gure politikari gehienak jeneral ohiak dira, eta, noski, gizonezkoak. Berdin konpainia pribatuen buruzagitzan. Beraz, militarismoak sekulako eragina du gizartean.

Nola egin zinen intsumiso?

Palestinarren herrixka batean izan nintzen 13 urterekin; lehen aldiz, orduan ikusi nuen okupazioa zer zen. Zelako bizimodu desberdinak genituen: ni haien herrira joan nintekeen, baina haiek nire etxera ez, kontrola pasa behar egunero eskolara joateko... Armadara joateko adina heldu zitzaidanean, argi ikusi nuen ezin nintzela izan gaur tirokatua protesta batean eta soldadu tiratzailea hurrengo egunean. Ezin nintzen sistema horren zati izan.

Palestina estatu behatzaile gisa onartu du Nazio Batuen Erakundeak. Eraginik izango al du honek okupazioan eta intsumisioan?

Palestinak Nazioarteko Zigor Auzitegira jotzen ote duen ikustea da gauzarik interesgarriena orain. Hala gertatzen bada, horrek eragina izango du okupazioaren mekanikan. Izan ere, armadako buruek beldurra izango dute atzerrira joateko, atxilotuko dituztelakoan. Ez naiz baikorra, halere, Palestina NBEn sartzearen alde bozkatu zuten Europako herrialde asko estu hartzen ari direlako Palestinako Aginte Nazionala, auzitegira jo ez dezan. Halere, indar sinboliko handia du Israelen alde itsuki ibili diren hainbat estatuk orain hura apur bat kritikatzeak.

Armadara deituriko azken belaunaldietako kidea zara. Itxaropenik ba al duzu zeure adinkideengan?

Gure belaunaldiak bere historia du: eraso suizidekin hazitako belaunaldia gara. Oso eskuindarra da, ez du Osloko itunak gogoratzen, ez eta bake negoziazioak. Inoizko gobernurik eskuindarrena dugu, Likud alderdiak inoizko jenderik eskuindarrena du. Netanyahu lehen ministroa ezkertiarrena da alderdi horretan, ziurrenera.

Europako hainbat gobernuk protesta egin zioten atzo Israeli, kokagune gehiago eraiki nahi dituelako Jerusalemen. Aldaketa etortzekotan, atzerritik edo Israelen barrutik helduko da?

Nazioarteko presioak aldaraziko du Israel. Baina presio horrek eragina duenean eta Israelen barruan ekintzak sortzen dituenean, gizarteak jarraitu eta erantzungo duela uste dut. Ni horretan ari naiz lanean, oinarriak jartzen Israelgo gizartea hitz egiten has dadin, militarren hizkuntza erabili gabe.

No comments:

Post a Comment