Sunday 16 December 2012

«Hedabideek tresna erlijiosoak erabiltzen dituzte, murrizketen alde»

Yannis Tsirbas, irakaslea.





Atenasko Unibertsitateko adituak Greziako informazio talde nagusiek krisiaren fase aurreratuan darabilten diskurtsoa aztertu du.

Yannis Tsirbasek (Atenas, 1976) Zientzia Politikoak irakasten ditu Atenasko Unibertsitatean. Greziako krisian komunikabideak izaten ari diren portaera aztertzen du, tartean, murrizketa politika herritarrei saltzeko erabiltzen ari diren diskurtsoa. Han gertatzen ari dena, Europako periferiako beste hainbat herrialdetan laster jazoko denaren aurrerapentzat har daitekeela uste du.



Askotan esan izan dute gaurko krisia ez zela gertatuko prentsan benetako aniztasuna izan balitz. Baita Grezian ere?

Grezian ez dago hedabide handi independenterik. Egunkari handi guztiek lotura dute telebista eta irrati nagusiren batekin. Hedabideen merkatua oso kontzentratuta dago eta lehia gutxi dago. Honek ekarri du Greziako hedabideak ez daudela gizarte demokratikoan duten eginkizuna betetzeko moduan. Edukiak aztertu ditut, esaterako, murrizketen eta austeritate neurrien inguruan: hedabideok jasotzen dituzten iritzi gehienak neurrion aldekoak dira. Espero genuen, hedabideon jabeak konpainia handiak dira, eta neurriak mesedegarriak zaizkie, soldatak eta murrizten ari direlako. Narrazio bat zabaltzen ari dira, Margaret Thatcherrek erabilitakoa, hau da, «ez dago beste aukerarik murrizketez at».

Deskribatzen duzun Greziako hedabideen panorama hori berdintsua da beste herrialdetan ere. Erabil dezakegu Greziakoa ikusteko zer jokabidea hartuko duten hedabideek oro har?

Bai. Greziakoa ez da berezia, baina interesgarria da, hemen krisiaren zein fasetan gauden kontuan hartuta. Gure krisia garatuago dago, horrela esaterik baldin badago. Beraz, beste herrialdetan antzeko egoerak daudenean, espero behar dugu hedabide nagusiek horietan ere murrizketen alde lerrokatzea, horien jabeek onurak aterako dituztelako.

Aurreko hauteskundeetan askok espero zuten murrizketen aurkako ezkerreko Siriza alderdiak irabaztea. Ez zen gertatu. Noraino izan zen hedabideen monopolioaren eraginez?

Hauteskundeen aurreko bi asteak oso araututa daude Grezian, eta, beraz, horrek ez zuen horrenbesteko eraginik izan. Baina, lehen aipatu dudan narrazio hura urte osoan zabaldu dute: beste aukerarik ez dagoela, alde batetik, eta ezkerreko gobernu batek hondamendia ekarriko lukeela, jendeak etxea galduko zuela eta eurotik atera eta drakmara itzuliko ginatekeela.

Zer mekanismo erabiltzen dituzte narrazio nagusi hori eraikitzeko?

Argudio sendoak eraikitzeko, aurretik zegoen oinarrietan jaso behar duzu. Greziako gizartean, Mendebaldeko beste askotan bezala, guztiz ideologikoak diren gauza batzuei balio unibertsal eta begibistakoa eman diete diskurtso horrekin. Mekanismoaren oinarria hau da: pribatizazioaren eta erreformaren onurak haizatzea, teknikarien laudorioa egin eta politikariak txarretsi: «Teknikariek gauza onak egiten dituzte gizartearentzat, politikariek ez». Mekanismo erlijiosoa da, hein batean, fedea izan behar duzu horietan eta zalantzarik ez. Deabruak, bitartean, alor publikoa eta sindikatuak dira. Horrekin batera mekanismo psikologikoa dago: erruduntasun sentimendua piztu behar duzu Greziako herriarengan: «Ahal baino gehiago kontsumitu dugu, eta orain dugu ordaintzeko ordua». Mekanismo kulturala: esatea Greziarren DNAn daudela ustelkeria, indarkeria eta egoismoa. Historikoa: esatea 1974ko trantsizioan dagoela arazoaren muina, orduan ezkerra zelako ideologikoki nagusia (nahiz eta ezkerrak inoiz ez agindu). Azken mekanismoa: esatea austeritate neurrien aurka doan guztia, muturreko politika dela, edo populismoa.

Askori ezagunak egingo zaizkio horiek, etxeko diskurtsoetan. Zuzen dabil?

Mekanismoak globalak dira; horrela funtzionatzen du kapitalismoak eta neoliberalismoak. Baina tokian tokiko kultur ezaugarriak erabiltzen dituzte, mekanismoak herrialdetara moldatzeko. Erresuma Batuan, hitza askatasuna zen. Grezian, erreformak. Baina mekanismo bera da.

Zer egin daiteke informazio aniztasuna bermatzeko?

Lan gehiago egin beharko lukete ikusleen, entzuleen eta irakurleen eskubideak zaintzen dituzten erakundeak, horretaz ari bai gara, azken batean. Horrez gain, lege zorrotzagoak behar ditugu, hedabideen atzetik dauden interes ekonomikoak oso indartsuak direlako eta ezin dira orekatu ekimen independenteekin, hauek, definizioz, diru gutxiago dutelako. Beraz, hedabideen merkatua gehiago eta hobeto erregulatu, ikuspegi guztiak ordezkatuta izan daitezen, herritarren interesa zaintzeko.

No comments:

Post a Comment