Wednesday 23 January 2013

«Bankugintza etikoa benetako aukera bihurtuko da udaberri aldera»

Iker Espuñez, dokumentalgilea.





Bankuen jokabidea munduko bazter urrunen arazo gisa ikusten zen, hemen ere etxeei azpiak jaten hasi den arte. Gertatutakoa eta dauden aukerak 'Con tu dinero' filmean azaldu ditu Espuñez zuzendariak.

Ikus-entzunezkoak sortzen ditu Iker Espuñezek (Bilbo, 1978), eta Setem Hego Haizea gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean dabil azken urteotan. Con tu dinero dokumentala estreinatu berri du. Bankuen jarduera aztertzen du, eta bankugintza etikoaren berri ematen du. Gaur erakutsiko dute lana, 19:30ean, Bilboko Golem zinema aretoetan, eta bihar, 19:00etan, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean.

Con tu dinero dokumentalaren irudi bat.




Ba al daki jendeak zer egiten duten bere diruarekin?

Dirua bankuan sartzen duzunean, boterea ematen diezu, eta gizarte mota bat sortzen laguntzen ari zara. Dokumentalaren lehenengo zatian saiatzen gara aztertzen bankuen eta kutxen etika gutxiko jarrerak eta lan egiteko moduak. Baina garrantzitsuena bigarren zatian dator: bestelako aukerak aurkezten ditugu, sortzen ari diren tresna berriak. Hau da, zeure diruarekin ere lagun dezakezula gizarte apur bat hobea sortzen.

Bankuak eta kutxak berdin ibili dira horretan?

Setemek urteak daramatza haien praktikak aztertzen. Hasiera batean, ikusten zen Santander edo BBVA bankuek kutxek baino jokabide dezente okerragoa zutela. Baina, azken urteotan, kutxek ere bat egin dute bankuen negozio zikin horiekin, eta zailagoa da bereiztea: arma industria finantzatzen ari dira, esate baterako.

Praktikak erakusten du argudio etikoak ahul samarrak izaten direla herritarren multzo handiena mugiarazteko. Gaurko krisiak errazten al die bidea halako mezuei, herritarrak bankuen jardueraren biktima zuzenak bihurtu direnean?

Bai, geurekoiak gara. Orain arte, ematen ziguten interes tipoari bakarrik erreparatu diogu, edo dirua sartzeagatik ematen zizkiguten opariei, ondorioez hausnartu gabe. Vietnamgo gerraren garaian hasi zen jendea konturatzen, kalean gudaren aurkako manifestazioan zebiltzan bitartean, euren dirua erasoan laguntzen ari ziren bankuetan zutela. Hemen antzekoa gertatu da Iraken inbasioarekin. Horren haritik sortu dira gobernuz kanpoko erakundeetan eta mugimendu bakezaleetan beste aukera batzuk bilatzeko ahaleginak.

Eraginkorragoa da manifestazioa aurrezki liburukiarekin egitea, pankartarekin baino?

Hala uste dut. Dokumentalean elkarrizketaturiko bik esaten dute gaur askoz garrantzitsuagoak direla eguneroko kontsumoan hartzen ditugun erabakiak, lau urtetik behin alderdi honi edo beste bati bozkatzea baino. Leku batean erostea botoa ematea bezalakoa da: «Zuk horrela jokatzen jarrai dezakezu», esaten diezu, «nik hemen erosten jarraituko dudalako».

Baina, halere, botoarekin eta aurrezkiekin batera tresna eraginkorragoa egin daitekeela ikusten ari gara egunotan. Udal batzuk, esaterako, jendea etxegabetzen ari diren bankuetatik dirua ateratzen ari dira.

Fiare banku etikoak, esaterako, itunak sinatu ditu dagoeneko Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako beste hainbat erakunderekin. Fiare benetako aukera bihurtuko da udaberri aldera: hasiko da kreditu txartelak, maileguak eta nominak helbideratzeko aukera ematen. Udaletan bide bat dago, zalantzarik gabe. Makropolitikan zailagoa dela dirudi, horretan politikariek botere gutxiago daukatela ematen duelako, edo finantza erakundeek harrapatuago dituztela.

No comments:

Post a Comment