Thursday 24 January 2013

«Elikagai bat ekologikoa eta osasungarria izatea ez da aski; begiratu atzean duena»



 Patricia Dopazo, agroekologoa.



Kutsadura iturri nagusia lantegiak direla uste duenak huts egiten du: elikagaien industriak CO2ren erdia inguru sortzen duela azalduko du Dopazo ingeniari teknikoak, 'Asfixia en el supermercado' hitzaldian.

Patricia Dopazo (Alacant, Herrialde Katalanak, 1978) nekazaritzan ingeniari teknikoa da, eta ingurumen zientzian lizentziatua. Agroekologian adituak Asfixia en el supermercado hitzaldia emango du Mundubat erakundeak antolaturiko Ekarpen feministak eta ekologistak elikadura burujabetzari mintegian. Gaur, 16:30ean hasita, Bilboko Hikaateneoan.



Greziarrek agora eta tenplua zituzten bezala, geure zibilizazioaren eraikinik esanguratsuena, ziurrenera, supermerkatua da. Horretan oinarrituriko elikadura-ekoizpen sistemari buruzko ikerketa bat egin duzue, eta itoko gaituela ondorioztatu duzue. Zergatik?

Mundubatentzat egin dugu ikerketa, Soberania Alimentaria aldizkariarekin, eta, ikusi dugunez, eremu handiko soro eta saltokietan oinarrituriko sistemak sortzen du berotegi gasen ia erdia. Deigarria da, benetan, klima aldaketa entzuten dugunean industria etortzen zaigu burura, konturatu gabe elikagaien industriak horren arduraren erdia duela. Ez da soilik garraioarengatik. Nekazaritza industrialean erabiltzen diren ongarri eta intsektizidak petroliotik datoz, eta haiek sortzeko gas kutsagarri asko sortzen dira. Horrez gain, sortzen den janaren ia erdia alferrik galtzen ari gara. Sistemaren fase guztiek kutsatzen dute.

Azken urteotan modan jartzen ari da kinoa jatea herrialde garatuetan. Horren ondorioz, 2006. urtean baino hiru aldiz garestiagoa da egun, eta Andeetako biztanle askok ezin dute orain ordaindu euren betiko oinarrizko elikagaia.

Produktu bat urrun lantzen denean eta, gainera, ekoizpena eremu jakin batean mugatuta dagoenean, monopolioak sortzen dira. Elikagai horren ekoizpen ia guztia kontrolatzen dutenez, salneurriekin jolas daitezke. Kinoa, gainera, kontsumitzaile aberatsen edo erdi mailakoen artean dago modan, eta garesti ordaintzen dute. Horrek espekulaziorako bidea zabaltzen du, eta merkatuak profitatzen ari dira. Kinoa adibide bat besterik ez da: beste elikagai askorekin gertatzen ari da, eta, zoritxarrez, oinarrizkoak dira. Munduan gosea handitzen ari da, horren ondorioz.

Badu ironia, halere, Mendebaldeak janarekin duen kezkak eragitea arazoa.

Bai, horregatik elikadura burujabetzaren mugimenduan beti esaten dugu ez dela nahikoa elikagai bat ekologikoa eta osasungarria izatea; begiratu behar duzu ekoizleari behar baino gutxiago ordaintzen dion monopolio bat edo banaketa kate bat ote duen atzean. Ekologikoa nahi dugu, baina baita bidezkoa ere, eta, horretarako, ekoizletik kontsumitzailerako bidea ahalik eta laburrena izan behar da.

Munduko banaketa sistema ongi arautu batek ez luke hobeto segurtatuko elikagai hornikuntza, tokian tokiko ekoizpenak baino?

Ez. Nahikoa litzateke garraiorako petrolioaren hornikuntzan arazo bat egotea, esaterako, merkatuak edozein unetan hutsik uzteko. Tokian tokikoaren alde egin behar dugu, baina, noski, ez dugu zertan muturrera joan. Bestela, hemen bakarrik almendrak eta laranjak jango nituzke. Gurea zaindu behar dugu, guretatik jan ahal dela, baina kanpotik ere ekar dezakegu, lehentasuna zein den argi izanda: lehenbizi jendea, etekina pilatzearen aurretik. Elikagaien segurtasuna benetan ematen duena?Gure hirien inguruan baratzak egotea, beti egon diren bezala.

No comments:

Post a Comment