Tuesday 29 January 2013

«Etxea kartzela bihurtu digute, eta kontzeptua berreskuratzeko garaia da»



 Samuel Gallastegi, irakaslea.



'Prozesu konstituziogilera' mintegia koordinatu du Gallastegik. Espainiako Konstituzioa kolokan jartzeko eta Europan konstituzio bermatzaile bat eratzeko prozesua aztertzen ari dira Iruñean.

Samuel Gallastegi (Mungia, Bizkaia, 1982) irakaslea da. Iruñean bihar arte egingo duten Prozesu konstituziogilera mintegiaren koordinatzailea da. Espainiako Konstituzioa kolokan jarri eta Europan berdintasuna bermatuko duen konstituzioa sortzeko prozesua aztertzen ari dira, 17:00etatik aurrera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Arrosadiako campuseko A-09 gelan.



M-15 mugimenduaren kumea da prozesu konstituziogileak abiatzeko egitasmo hori?

Plazetako biltzarretan bazegoen horren inguruko oihua, baina ez zen zehaztu irailaren 25ean Espainiako Kongresua inguratzeko mugimendura arte. Ideia nagusia hau da: ez dago eskubiderik alemaniar batek eta greziar batek eskubide guztiz ezberdinak izateko. Unibertsitateetan bultzatzen ari gara, gazteek geroa dutelako jokoan, eta prozesu konstituziogile batean, geroa eraikitzen dugu.

Zein da Iruñean egiten ari zareten mintegiaren helburua?

Mapa bat egitea, gizarte iraultzaren mapa, nolabait esateko. Orain, nora ezean gabiltza; duintasuna galdu dugu: 600 euroren truke lan egitea ez da duina. Esklabo zoriontsua naiz. Duintasun hori berreskuratzeko mapa egin behar dugu. Gizakiak gara, ez ekoizteko makinak. Nola bermatu gure zoriona? Egitura hartu behar dugu horretarako, eta egitura hori estatua da.

Halako mugimenduetan oso lausoa izaten da Euskal Herriaren eta estatu gabeko beste nazioen eskubideen inguruko jarrera. Zein da zuena?

Oso gai garrantzitsua da, eta asteazkenean jorratuko dugu. Lehentasuna gizakia da, noski, baina Euskal Herriaren eredua hurrengo puntua da. Argi dago oraingo eredua bukatu egin dela, eta argi dago Europaren antolakuntzak federala izan behar duela. Euskal Herriak bere burua estatu gisa sentitzen du, eta, beraz, kontraesan bat dago sentipenaren eta egituraren artean. Kontraesan hori argitu egin beharko da.

Beraz, gizabanakoaren eskubideak zein nazio eskubideak, biak egiturarekin —estatuarekin— aurrez aurre ikusten dituzue?

Hori da. Levy-Straussi jarraiki, zentzuaren eta egituraren arteko kontraesana pairatzen dugu orain. Gure helburua egitura berreskuratzea da, zentzua berritzeko. Hartu etxe hitza. Samurtasunez beteriko zentzuan zein erakunde gisa. Etxea hitzaren jatorrizko esanahia galdu dugu, nahi gabe, agian. Estatua egitura bat da, etxe bat, baina, orain, soilik egitura ekonomikoaren menpe dago; galdu du jatorrizko esanahia. Etxea kartzela bihurtu digute, eta badugu garaia jatorriko esanahia berreskuratzeko.

Euskal Herriko Konstituzioa idatzi beharrean arreta Espainiakoan jartzea ez al litzateke etxea teilatutik hastea?

Egia esan, gertuago ikusten dut Europako konstituzio bermatzaile bat, Espainiako bat baino. Azken batean, Europa estatuen konfederazioa da oraintxe bertan. Haatik, Europatik inposizio batzuk heltzen zaizkigu, baina agintariak ez dira modu demokratikoan aukeratu: ordezkarien ordezkarien ordezkariak dira. Zuzenean aukeratu beharko genituzke. Behetik gora egin beharko da. Euskal Herriak bere izaera berreskuratu beharko du, Andaluziak eta Greziak bezala. Mugimendua Euskal Herrian has daiteke, edo Katalunian, baina, segituan, leku guztietan hasiko da. Orain, garrantzitsuena hazia ereitea da. Horregatik egiten ari gara mintegia.

No comments:

Post a Comment