Tuesday 24 March 2009

«Orkestra hurbilekoa dela erakutsi nahi diegu haurrei, denok ordaintzen dugulako»



Mikel Cañada, musika hezitzailea.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 'Ur handietako notak' emanaldia eskainiko du gaur, Gasteizen, eta bihar, Donostian. Orkestraren bidez, haurrei itsasoko soinuak erakustea da helburua, gidoilariak dioenez.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko hezkuntza egitasmoetako koordinatzailea izan da Mikel Cañada (Bilbo, 1962) azken hiru urteotan. Berak egin ditu EOSek haurrentzat aurten emaniko ikuskizun didaktikoen gidoiak. Ur handietako notak izango da horietako azkena. Musikaren eta itsasoaren arteko harremana erakutsiko diete 6 eta 7 urte arteko haurrei. Gaur, 19:00etan, Gasteizko Principal antzokian, eta bihar, 12:00etan, Donostiako Kursaalean.

Piano jotzailea zara, nolatan hasi zinen emanaldi didaktikoak antolatzen?

Musika eskola bat zuzentzen nuen, eta estrategia berriak bilatzen nituen, ikasleen motibazioa eta gizarteratzea lantzeko. Han hasi nintzen musika beste era batera bizitzen, entzuten eta ulertzen. Granadako unibertsitatean 500 orduko master bat egin nuen. Ondoren hasi nintzen profesionalki halako emanaldiak antolatzen. Orkestratan espezializatu naiz. Tenerifeko Orkestra Sinfonikoarekin ere lan egiten dut.

Musika irakasteko orduan gaur erabiltzen diren irizpideak egokiak ez direla uste duzu?

Duela hiru urte, Tempo di martxa ekitaldian, autobus batekin ibili ginen ikastetxez ikastetxe. Hor konturatu ginen uste baino askoz gehiago dakitela haurrek. Halere, orkestra sinfoniko bat entzutera doazenean, eskoletan teorian ikasitako guztiaren gailurra da. Zuzeneko musika ezin da ordezkatu. Hori ematen diegu. Horrez gain, sentiarazi nahi diegu orkestra hurbil duten erakundea dela, ez dela erakunde elitista, alegia. Denontzat da orkestra, denok ordaintzen dugulako.

Asteburu honetan amaituko duzue haurrentzako emanaldien aurtengo zikloa. Lortu al duzue haurrak musika klasikora hurbiltzea?

Harpa kontzertuekin hasi ginen, agertokiaren itxura eta argia asko zaintzen eta musika garaikidea aurkezten. Hori apur bat zaila izan zen hainbat entzulerentzat.

Zaila haurrentzat ala helduentzat?

Helduentzat. Haurrek ez dute aurreiritzirik. Euren arreta zureganatzen duzu edo ez. Errazagoa izan zen Planeten soinua kontzertua, ikastetxeetan landu zutelako eguzki sistema. Niretzat benetako erronka, ordea, 0 eta 3 urte arteko haurrentzat egin genuen kontzertua da. Neure buruari esan nion: «Lehen hiru minutuetan jakingo dut gustatzen zaien edo ez». Hiru minutu horietan haurrak kontzertuan sartzen badira, ongi; bestela, ezinezkoa da. Berehala sartu ziren.

Gaur eta bihar Ur handietako notak aurkeztuko duzue. Gidoia egiteko, Donostiako Aquariumarekin eta Kanaria Uharteetako Zetazeon Museoarekin egin duzu lan.

Musika eta itsas azpiko soinuak bateratu nahi izan ditugu: baleen, izurdeen soinuak eta komunikazioa azalduko dugu. Gidoia zientifikoki zuzena izatea nahi nuen, horregatik lankidetza erakunde horiekin. Kontzertuan baleen benetako soinuak entzungo dira, eta bideoak zein argazkiak erakutsiko dira.

Balea eta orkestrarako kontzertua izango da?

Hala da, bai, hainbat unetan elkartu egingo dira baleak eta orkestra. Horrez gain, lehen aldiz Phillip Glassen musika joko du Euskadiko Orkestrak. Azken finean, jendea murgiltzea da nahi duguna.

No comments:

Post a Comment