Monday 23 March 2009

«Lizarraren inguruko amets hautsiek bultzatu naute 'thriller' politikoa idaztera»

Pako Aristi, idazlea.




ETAko eta Ertzaintzako buru biren topaketa kontatzen du 'Josu Dukatiren proposamena' antzezlanak. Agertokietara eramango dute gaur estreinakoz, irakurketa dramatizatu baten bidez, Donostian.

ETAko buru baten eta ertzain baten arteko topaketaren inguruko antzezlana idatzi zuen iaz Pako Aristi idazleak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1963): Josu Dukatiren proposamena. Testuaren irakurketa dramatizatua egingo dute gaur Ane Gabarainek, Kandido Urangak (Josu Dukati ETAko kide gisa) eta Patxi Santamariak (Antton ertzaina), 19:00etan, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Euskaltzaindiaren eta BBKren literatura saria jaso zuen lanak abenduan. Emanaldian izango da egilea.

«Euskal Herria atakatik ateratzeko bidea irudikatzen eta eskaintzen duen lana». Horrela deskribatu dute Josu Dukatiren proposamena. Zertan datza benetan?

Thriller politikoa da. Galdeketa gela batean gertatzen da. Han daude ETAko buru bat, atxilotuta, eta Ertzaintzako superintendente bat. Horrez gain, emakume bat dago; off-eko ahotsa da hasieran, baina gero pertsonaia bihurtzen da. Lan hau, ezer baino lehen, lagun batzuen istorioa da. Hiru pertsonaiok elkar ezagutzen dute, institutu garaitik. 25 urteren buruan elkarrekin topo egin dute berriz. Egoera aldatu da: bi gizonezkoek armak aukeratu dituzte, batek legearen alde eta besteak kontra. Galdeketan gauza asko nahasten dira: institutuko istorioak, konplexuak, neskari buruz zituzten sentimenduak, harturiko erabakiak...

Bien arteko aurrez aurrekoa da, beraz, baina amaieran itun politikoa egiten dutela diozu. Noraino azal dezakezu amaiera hori zer den, suspensea zapuztu gabe?

Galdeketaren bitartez, norberaren bizitzari errepasoa egiten diote. Ez da, ordea, ideien antzerkia, baizik eta pertsonen arteko harremanei buruzkoa. Euskal Herriaren egoera aztertzen dute. Eboluzionatu duten pertsonak dira eta biek onbidean jarri nahi dute egoera. Lanak norabide aldaketa asko ditu, arratoi eta katuaren arteko jokoa baita.

Nor da arratoia eta nor katua?

Aldatuz doa. Ertzainak kontrolatua izan du Josu, eta honek ere ekintza bat prestatu duenean kontrolpean izan du ertzaina. «Zergatik ez zenuen botoia sakatu?», galdetuko dio ertzainak. «Ez dakit, barruan zer edo zerk esan zidan ezetz», erantzungo dio Josuk.

Zein garaitan gertatzen da?

Iaz. Iaz idatzi nuelako. Alde horretatik, oso errealista da. Gertaera errealak erabili ditut. Esaterako, Beasainen 2001ean bi ertzain hil zituzten, eta ekintza hori agertzen da. ETAren eboluzioa ere agertzen da; esaterako, bonba-autoak erabiltzea erabaki zuenekoa.

Zergatik erabaki duzu hau orain idaztea?

Egoera ustelduta ikusteak eta azken hamar urteotako dezepzioak bultzatu nau, Lizarraren inguruan pizturiko itxaropena eta ametsak apurtu izanak. Erantzun bat eman nahi izan dut, ura mugitze aldera. Halere, antzerki lan bat besterik ez da. Ez dakit bidea egingo duen, baina ideia batzuk plazaratuko ditu. Bi pertsonaiok harturiko erabakiak aztertzeko unean daude. Euskal Herria ere horrela dagoela uste dut. Ezintasun handia ikusten dut gauzak plazaratzeko: tabuz beteta gaude eta jendea isilik dago. Lanaren helburua ez da konponbidea planteatzea, baizik eta konponbidera iristea posible egingo diguten gogoetak aktibatzea. Hara non politikari bat bezala hitz egiten hasi naizen.

Halakoetan ohi den bezala, ez duzu beldurrik denekin haserretzeko?

Beldur hori hogei urterekin galdu nuen, zutabeak idazten hasi nintzenean. Elkarrekin haserretu gabe gauza oroz hitz egiten ikasi behar dugu Euskal Herrian. Hori egin gabe ez dugu gerorik ez gizarte ez eta pertsona gisa ere.

No comments:

Post a Comment