Saturday 16 March 2013

«Iragan traumatikoa mugitzen jarraitu behar duzu, izoztu ez dadin»

Tamara Cubas, koreografoa.


Uruguaiko diktaduraren biktima izaniko famili bateko alaba da Cubas dantzaria, eta oroimen historikoaren inguruko pieza bat estreinatuko du gaur Bilbon, monumentuen ikusezintasunaren kontrako aldarria.

Tamara Cubas koreografo eta dantzariak (Montevideo, 1972) Actos de amor perdidos lana aurkeztuko du gaur, 20:00etan, Bilboko La Fundicion aretoan. Bihar, 19:00etan.

Actos de amor perdidos lanean, Tamara Cubasek, haren aita Luisek eta Mirtha izebak hartzen dute parte.



Oroimen historikoa eta zeure familiaren bizipenak biltzen ditu lanak. Nola?

Alde batetik, aberriaren ideiarekin eta haren sinboloekin lan egiten dut, diktadura edo independentziaren aldeko borroka testuinguruetan. Bestalde, nire familiaren argazki albumaren bidez lantzen dut. Nire familiak diktaduraren aurkako erresistentzian parte hartu zuen, eta erbestea, espetxea eta desagertzea pairatu zuen. Diktadura militarraren garaia lantzen du nire lanak, 1973tik 1985era. Baina orduan gertaturikoa jorratu baino gehiago, oroimenaren inguruko ariketa da pieza. Hau da, iragan hurbilarekin nola lan egin aztertzen du, eremu zaila izaten delako. Arriskua duzu omenaldien edo biktimen kale itsuan sartzeko. Nola urrundu horretatik, eta ikertzen jarraitu. Hori aztertu nahi dut.

Oroimen historikoaren inguruko gaia pil-pilean dago hemen. Artea noraino da eraginkorra horretan?

Jende asko dabil mundu osoan halako gaiak lantzen, gertaerek utzitako zauria jorratzen. Tailer bat eman dut hemen, eta sistema erabili dugu Euskalduna ontziolaren gatazkaz aritzeko. Hori aukeratu genuen parte hartzaile guztiak inplikatzeko, alde soziologikoa, politikoa eta hirigintzaren ingurukoa duelako, eta hainbat belaunaldiri eragiten diolako. Izugarria da hemen gertatu den guztia eta dagoen haustura.

Beraz, zuretzat monumentuak, oroigarriak eta omenaldiak ez dira modu onak gaia lantzeko?

Monumentu bat altxatzen dugu, plaza bat, edo kale bati izena jartzen diogu, eta badirudi horrek ixten duela gaia. Bada, ez; ez dago monumentu bat baino gauza ikusezinagorik. Gauzak ez dira horrela: zauriak ez dira ixten, traumak ez dira sendatzen. Garrantzitsua da gertaera horietan bizitzen jarraitzea, horietan lan egiten segitzea, ez ukatzea eta biktima izaeran ez geratzea. Ez ditugu gogoratu behar gertaerok: bizi egin behar ditugu.

Gehiegizko oroimenak iragana izozten duela esan ohi duzu.

Iragana mugitzen jarraitu behar duzu, izoztu ez dadin. Orainalditik aritu behar duzu. Ni, esaterako, tarteko belaunaldikoa naiz: gurasoek zuzenean pairatu zuten, baina hurrengo belaunaldiak ez du zerikusirik horrekin, liburu batean soilik ikasiko dute. Seme-alabak gertatutakoaz galdetzen hasten direnean, ez dago horri heltzeko modurik gaia izoztuta badago. Ez baduzu hori lantzen, traumak lehertu egiten dira gero.

Zergatik behi baten kaskezurra?

Uruguairen ikurra delako behia. Azienda lekua da Uruguai; armarrian ere behia agertzen da. Herrialde laua da gurea, belardi zabalak ditu, ez dago mendirik. Haizea nondik datorren jakiteko modurik hoberena behiei begiratzea da. Behiek ipurdia jartzen diote beti haizeari. Hau da, ez dute atzera begiratzen. Bi erreferendum egin dira Uruguain, eta bitan erabaki da gizateriaren aurkako krimenak egin zituztenak ez epaitzea. Izugarria da. Jendeak beldurra du: «Ez dezagun hori landu; zertarako? Aspaldikoa da, iragana da...». Baina desagertuen senideak hildakoen bila dabiltza oraindik.

No comments:

Post a Comment