Friday 19 April 2013

«Atsegin izateko gehiegizko nahia oso zabalduta dago, baina ez musikan bakarrik»


Joxi Ubeda, musikaria.

Argazkilaria: Edu Lartzanguren


Belarmiñak proposamen berri bat da, baina musikaren munduan 1980ko hamarkadatik dabiltzan bi sortzaile beteranok osatu dute: Joxi Ubedak eta Iker Lopezek. Gaur emango dute lehen kontzertua.


Joxi Ubeda (Ibarra, Gipuzkoa, 1965) musikari beteranoa da, eta baita kazetaria BERRIAn ere. 1980ko hamarkadan Tortura Sistematica taldean aritu zen. Gero, Tanta taldean. Hainbat urte agertokietatik kanpo egon ondoren, Belarmiñak egitasmoa estreinatuko du Iker Lopezekin batera (Lobo Electrico), gaur, 20:00etan, Ibarrako Subegi elkartean.



Hamar urtez isilik egon zara. Zergatik hasi berriz musikaren zirkuan?

Azken taldea Tanta izan zen, 2003 urtera arte. Iker Lopez aspaldiko laguna da, eta, orain, auzoak gara, parez pare bizi gara. Iazko udazkenean bat-batean hasi ginen auzoan elkartzen, kaleko aulki batean, gitarra batekin. Abendutik hona serioago gabiltza. Joko ditugun kantuetako hiruzpalau Tantarekin grabatu eta diskotan argitaratu genituen. Moraurekin jotzen nituen, gitarrarekin laguntzen nionean. Horien bertsioak egin ditugu, baina hamalau kantetatik zortzi-hamar berriak dira, azken hiruzpalau hilabeteotan sortuak.

Zer edo zer «desberdin» egiteko asmoa duzuela adierazi duzue. Zertan da desberdina Belarmiñak?

Guk betidanik gauza zaratatsuak, rockzaleak eta ozenak jo izan ditugu. Hau beste muturra da: suabeagoa, lasaiagoa. Gitarra akustikoa eta elektriko bana erabiltzen ditugu, eta horrek aukera ematen digu hori egiteko. Gustura gaude orain arte kantekin sortzen diren giroarekin. Ez dakit rock, pop edo folk den. Gauza bakoitzetik gauza bat izango du; ez dugu ezer asmatu.

Indie?

[Ezetz dio keinuka, galderarekin asaldatuta bezala]. Entzuleek esango dute zer den. Izan ere, jendaurrean jo nahi genuen, hori ispilu bat bezalakoa baita, abestiek funtzionatzen ote duten ikusteko. Iker eta biok izango gara Belarmiñak-en ardatza, baina ez dakigu musikari gehiago sartuko ditugun. Gaur ikusiko dugu erreakzioa.

Hitzak ere zuen baitan pizten diren bazter miresgarrien ingurukoak dira?

Sentimenduak, barne munduak, emozioak, kezkak, zalantzak, segurtasunik eza... Jende guztiak esaten du berdina, oso tipikoa da, ziztrina, baina hori da, azkenean. Ez dago kritika edo salaketarik. Jendearengan ikusten duguna islatu egiten dugu, ispiluak bezala, azken batean, geure barnean gauza bera dagoelako.

Belarmina loreterapian erabiltzen dela diozue: «Besteekiko dependentzia emozional handiegia, atsegin izateko gehiegizko nahia duten pertsonentzat». Oso zabalduta dago gaitza?

Bai, baina ez musikan bakarrik, toki guztietan, eta baita geure barruan ere. Izena soinuarengatik aukeratu genuen, baina definizio hori BERRIAren erreportaje batean topatu genuen. Guztiok sendatzeko ahalmena izango lukeen landarea da belarmina. Joko hori polita iruditu zitzaigun, baina kalkulatu gabekoa da; ez dugu mistiko jarri nahi. Lagun batek ondo dagoela esan digu, gure kantuek sor dezaketen belarriko mina ere adierazten duelako.

Adinak askeago egin zaituzte adierazpideekin jolasteko?

Bai. Gaztetan buelta asko ematen diozu buruari, eta dena kalkulatzen duzu: mezua, forma, mamia. Baita orain ere, noski, ez baitituzu gauza guztiak axolagabekeriaz egiten. Baina orain neurri batean hausnartzen duzu, transzendental jarri gabe. Musika adierazpide bat da, baina baita ondo pasatzeko eta askatzeko tresna bat ere.

No comments:

Post a Comment