Saturday 29 June 2013

«Mitikoa izatea oso erraza da orain, jende asko atzera begira ari delako»

Shanti Iribar, musikaria.



Euskal Herrian badugu gure 'Sugar Man'. Ia 30 urteren buruan, Tortura Sistematika taldea elkartuko da gaur, Tolosan, kontzertu bakarra emateko, zale batek ahanzturatik atera dituela ospatzeko.

Shanti Iribarrek (Tolosa, Gipuzkoa, 1965) Tortura Sistematika taldea sortu zuen Joxi Ubedarekin, 1984. urtean. Urtebete iraun zuen Euskal Herriko muturreko hardcorearen aitzindarien abenturak. Gaur elkartuko dira berriz, kontzertua emateko, 19:00etan, Tolosako San Esteban auzoko lokaletan, RAS eta Belarmiñak taldeekin batera. Irudian, Iribar abeslaria, kideekin.







Asturiasko (Espainia) zale batek zuen grabazio zaharrak hartu eta CD batean argitaratu dituela ospatuko duzue gaur. Ustekabea izan da zuentzat jakitea norbaitentzat oso garrantzitsuak izan zinetela?

Ez gaitu harritu, urteak dira ikusten dugula jendea atzera begira dabilela. Izan ere, gaur mitikoa izatea oso erraza da. David Del Riok Truko Esparrago zigilua du, eta liburu bat idazten ari da muturreko taldeen inguruan. Atal bat izango du Ruido de Rabia eta Tortura Sistematika taldeentzat. Arkeologia lan ikaragarria egiten ari da, grabazio zaharrak berreskuratzen.



Ziurrenik, zeuek ere ez dituzuen zuen grabazioak edukiko.

Zalantzarik gabe. Nik ez dut ezer gorde. Joxik baditu testu dezente gordeta. Neuk bat ere ez. Esaterako, diskoan Barakaldon eman genuen kontzertu bat jaso dute, eta nik ez nekien grabatuta zegoenik ere.

Diskoak ohartarazpen hau dakar: «Ez dugu barkamena eskatuko. Azken batean, garaiko soinua halakotxea zen».

Irratikasete batekin grabatzen ziren originalak, lokalean, eta gero hortik kopiak. Beraz, imajina daiteke zein kalitate txarrekoa den soinua. Baina guk horrela entzuten genuen musika garai hartan. Diskoaren aurkezpenean jotzea erabaki genuen, baina bakarrik 12 bat minutuz edo, eta ez dugu gero jarraitzeko asmorik.

Baina 12 minutu ez al dira nahikoa Tortura Sistematikaren errepertorio ia osoa jotzeko?


Gure abestirik luzeena 5 minutukoa da, baina beste guztiak minutu erdi ingurukoak. Beraz, bai.

Salbuespena izan zineten garai hartan —BAPekin batera, besteak beste—. Gainontzeko ia guztiak RRVra jo zutenean. Zuek zergatik ez?

Garai berean bizi izan ginen, baina beste modu batera. Kortaturekin jo izan duzu, baina gure zirkuitua beste bat zen. Oraindik gaztetxean ez zeuden oso garatuak, baina, halere, kontzertu piloa eman genituen, ez dakit nola. Egiten genuen musika ez zen batere komertziala, eta ez zitzaion inori gustatzen. Hori hala da.

Rock klasikotik urrun, muturreko hardcorea egiten zenuten, hitz anarko-bakezaleekin. Horretan ere kontrara?


Hitzek kutsu libertarioa zuten, bai, baina, musika aldetik, geure estiloa geure mugek sortu zuten. Ahal genuena egiten genuen, baina geure ezintasunari utzi gabe aurrera egiteko gogoa zapuzten.

«Inork ez zituen gustuko, baina sekulako eragina izan zuten gero». Klixea egia al da zuen kasuan?

Tortura Sistematikak ez zuen eragin handirik izan zuzenean. Baina hortik atera ziren beste gauzak, eta horiek gehiago izan dute, hainbat musika estilotan.

Orain esperientzia handiko musikariak zarete. Nola egingo duzue orduko ezintasun eta mugekin jotzeko?

[Barre] Entsaiatzen ibili gara. Batez ere lehen egunetan, orduko jotzeko modura moldatu behar izan dugu. Teknikoki ez dugu asko aurreratu, dena den. Gauzak jo egin behar dituzu gogoa duzulako, ez arrakastan pentsatuta, edo 30 urteren buruan norbait gogoratuko delakoan.

No comments:

Post a Comment