Tuesday 2 July 2013

«Kontua ez da gizonaren eta emakumearen arteko borroka, baizik eta oreka»

Mari Karmen Basterretxea, antropologoa.
Argazkilaria: Enetz Arzak

'Euskal eredu matrilinealaz' mintzatuko da gaur Basterretxea antropologian eta filosofian doktorea, Ziortza-Bolivarren ostirala arte egiten ari diren Udako Unibertsitate Bolibartarreko bigarren saioan

Mari Karmen Basterretxea antropologian, filosofian eta hezkuntzan doktorea da (Ondarroa, Bizkaia, 1958). Euskal eredu matrilineala hitzaldia emango du gaur, 16:00etan, Ziortza-Bolibarko udaletxean, Udako Unibertsitate Bolibartarraren egitarauaren barruan. Informazioa bolibarikastaroa@gmail.com helbidean.



Feminismoa, marxismoa eta abertzaletasuna bateratzeko diskurtso bat landu da 1960tik hona. Nola azalduko duzu gaur matrilinealtasuna?

Euskaldunon eredu kulturala zein izan den azalduko dut. Bizitza aurrera ateratzeko eredu gisa sortu zen, eta milaka urte iraun zuen: ekoizpen sistema, familia eta sinesmenak. Horren aztarnek irauten dute geure gizartean, nahiz eta galtzen ari diren. Senidetasunaren alorrean azaltzen da matrilinealtasuna: etxe batean hainbat emakume belaunaldi bizi ziren, oso zabala zen, ez gaurko eredua bezalakoa. Etxearen giroa eta antolaketa guztia emakumeek erabakitzen zuten.Ekoizpen sistema auzolanean oinarritzen zen, eta batzarrean antolatzen zen.

Diskurtso horretan, Eliza katolikoa agertzen da indar suntsitzaile gisa.

XVI. mendean atzerakada handia gertatu zen guretzat, Eliza eta gudaren bitartez gure eredu kulturala apurtzen hasi zirelako. Lurraren pribatizazio prozesua abiatu zuten. Kolpe handia izan zen; Elizaren lana izan zen emakumea baztertzea eta gizonaren menpean jartzea. Gudaren bidez, lurraldetasuna kendu ziguten.

Planteatu duzun eskemak ez al du iragana idealizatzen?

Ez da idealizazioa. Gaur ere eredu matrilinealak badiraute munduko hainbat lekutan. Gutxituz doaz, pribatizazio prozesuarengatik, baina hor daude. Ez da gizarte idealizatua, baizik eta bizimodua aurrera atera ahal izateko gizarte orekatua eratu behar izan dutelako. Emakumeak eta gizonak oreka batean daude hor; inork ez du boterea bestearen gainetik. Hor dago, esaterako, Txinako Mosuo herria, azken boladan arrakasta handia duena hedabideetan.

Feminismoaren beste alorretatik ere kritika jaso duzu, gizonen eta emakumeen eremuen banaketa indartzen duen «diskurtso esentzialista» egiteagatik.

Ez da ulertzen eredua zein den. Ezin dugu gaurko mentalitatearekin aztertu milaka urtez iraun duen eredu hori eta esan emakumearen kalterakoa den-edo. Baina jakin behar dugu zein izan den gure kultura, eta hortik bide bat bilatu, aurrera jotzeko. Herri horietan oreka bat ikusten dut gizon eta emakumeen artean, baina ez generoen arteko botere harremanean pentsatzen ari zirelako, baizik eta komunitatearen onurarako zelako. Hor kontzeptu ezberdin bat dago, komunitatearena. Ez da gaurko botere lehia. Batzuek beldurra diote eredu horri; horregatik ez dute ulertu nahi.

Zure diskurtsoa «toxikoa» dela esan du Ainhoa Guemes kazetariak, galarazten duelako generoa kultur eraikuntza konplexu gisa aztertzea.

Eredu kulturalak aztertzea ez da erraza, baina egin duguna ez da nostalgikoa, inolaz ere, baizik eta errealitate baten azterketa. Kontua ez da lehengoko egitura edo gizartea berriz sortzea, baizik eta alderik hoberenak erabiltzea, esaterako: auzolana eta gizarte errituak mesedegarriak bazaizkigu, zergatik ez erabili? Kontua ez da gizonaren eta emakumearen arteko borroka, baizik eta oreka sortzea. Gure gizartean oso garrantzitsua da, bakardadea baitugu hori ez dagoelako.

No comments:

Post a Comment