Tuesday 21 January 2014

«Lan gatazka klasikoez harago zabaldu eta bizitokira heldu da matxinada»


Miquel Amoros, idazlea.

CNT-ELX
Hainbat hitzaldi egiten ari da historialari eta ekintzailea Euskal Herrian, 'Argelaga' aldizkaria aurkezteko. Katalanez 'otea' esan nahi du; haien mezua 'arantzak' dira, eta desarrollismoa zirikatu nahi dute.

Miquel Amoros (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1949) historialaria eta saiakeragilea da. Francoren kartzeletan preso izan zuten, militante anarkista izateagatik. Guy Debordekin elkarlanean aritu zen 1980ko hamarkadan. Perpectivas antidesarrollistas argitaratu zuen 2011n, eta Salida de emergencia urtebete geroago. Nocividad, defensa del territorio y crisis hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Zapateneon, Gasteizen. Bihar, 19:00etan, Sopelako (Bizkaia) Kurzio etxean. Ostegunean, ordu berean, San Jeronimo kaleko sotoan, eta, ostiralean, 20:00etan, Hegoetxean.



Batzuek zalantzan jartzen dute sistema bera krisian dagoela, saltoki handiak jendez gainezka ikusten dituztelako. Arrazoia dute?

Sistema hau kontrolaezina da. Gaurko ekoizpen eta kontsumo moduak pairatzen dituztenek nahiko balituzte horiek sozializatu, modu berdinak erreproduzitu beharko lituzkete, kontraesan guztiekin. Horregatik, gatazkak bizimoduaren inguruan sortzen dira. Lan egiteko modu industriala bizitzeko modura zabaldu da, eta, horren ondorioz, lan gatazka klasikoez harago zabaldu eta bizitokira heldu da matxinada.

Gaurko krisi egoeran abiadura handiko trenaren lanekin jarraitzea zalantzan jarri dute lehen azpiegitura txalotzen zuten askok. Agintarien erantzuna hauxe izan da: hasi garenez, bukatu beharko dugu.

Azpiegitura orok gaurko gizartearen hierarkia eta burokrazia indartzen dute. Horregatik zaizkie ezinbestekoak mundua zuzentzen duten indar politiko eta ekonomikoei. Zeintzuk gelditzen diren, horien kontra daudenen eta bultzatzen dituztenen arteko indar harremanen araberakoa da. Hau gerra bat da, arte bat. Krisia gure gizartearen parte ezinbestekoa da. Gure gizartea etengabe ari da eraldatzen eta etengabe ari da suntsitzen garapen erritmoa jarraitzerik ez duen guztia. Lehen zegoena suntsitu egin behar du, jauziak emateko teknologian, produktibitatean eta bizimoduan.

Lanik eza, murrizketak, eskubideen atzerakada... eta, halere, jendeak kaleak hartzen ditu aparkaleku batzuk defendatzeko?

Lurralde gatazka berriek ez dute horrenbesteko loturarik nekazaritzarekin, nahiz eta nekazaritza molde tradizionalen aldeko eta elikaduraren industriaren kontrako borroka ere baden. Borroka nagusia orain lurraldea energiarako baliabide gisa ustiatzearen eta hiriguneak lotzeko azpiegitura erraldoien kontrakoa da. Hirigune horietan, borroka hori auzoetako gatazka gisa agertzen da, eguneroko bizimoduko kontuen haritik, Gamonalen bezala [Burgos, Espainia]. Halako gatazketan Turkiakoa [Taksim Gezi parkearen inguruan, Istanbulen, iazko udaberrian] eta Sao Paolokoak [udazkenean, garraio publikoarengatik] izan dira esanguratsuenak. Hurbilago, Ingalaterrako, Frantziako eta Stockholmeko bazter auzoetan gertatutakoak ikusi ditugu.

Espainiako Poliziak atzo zabaldu zuenez, Burgoskoa gatazka bakana da eta ezin da zabaldu. Ados?

Alderantziz. Hau gerta daiteke edozein unetan eta edozein arrazoi dela eta, bulebar bat, aparkaleku bat, saihesbide bat... Ezinegon egoera orokor bat dago. Jendea zapuztuta dago, azken arrazoia bigarren mailako kontua da. Gizarte mugimenduak egoeraz jabetzen badira, aldaketak egongo dira; bestela, sistema autoritarioak eta faxistak izango dira, beste garai batzuetan bezala.

No comments:

Post a Comment