Friday 17 January 2014

«Hanburgon Guggenheim efektua eragin nahi dute, eta horrek piztu du sua»

Antonio Melendez, kazetaria.


Alemaniako portu-hiriko Rote Flora kulturgune okupatuaren inguruko istiluak Bilbotik ulertzeko eta Bilboren bidez azaltzeko saioa egingo dute gaur Melendezek eta Andeka Larrea filosofoak.

Antonio Melendez (Bilbo, 1970) kazetaria da, eta Hanburgoko kultur enpresa batentzat egiten du lan. Andeka Larrea filosofoarekin batera, azken asteotan Alemaniako hirian gertaturikoa azalduko du gaur, 19:00etan, Erribera 13 aretoan, Bilbon.


Rote Flora kulturgunea, abenduaren 21eko manifestazioaren hasiera aurretik pasatzean. / SQUAT!NET



Hanburgoko protestetan, 10.000 pertsona kalean, 4.000 polizia, borroka latzak eta salbuespen egoera hainbat auzotan. Ez da amaitu. Zer gertatzen ari da?

Abenduaren 21ean manifestazio jendetsua egin zuten Wir bleiben alle (Denok geratuko gara) lelopean. Rote Flora gaztetxeak antolatu zuen protesta: duela 25 urte okupatu zuten, eta kanporatzeko arriskuan dago. Horiekin batera aritu ziren luxuzko etxeak eraikitzeko asmoz abendu aldera alokairu hainbat etxetatik kaleraturiko herritarrak eta paperik gabeko Afrikako etorkin talde bat. Protesten eraginez, Hanburgoko poliziaburuak Gefahrengebiet [arriskugune] bat ezarri zuen. Salbuespen egoera moduko bat da, partida arriskutsu bat dagoenean futbol zelaiaren inguruan ezarri ohi dutena. Poliziak edonor identifika eta mia dezake, gunean egote hutsarengatik. Berrikuntza zera da: dozenaka mila pertsona bizi diren hiru auzoko gune handi batean ezarri dutela. Azkenean murriztu egin dute salbuespen gunea, baina oraindik indarrean da hiru polizia etxeren inguruan.



Gertaturikoa lotuta dago Europako hiri askotako langile auzoetan gertatzen ari den garestitze prozesuarekin. Kultura alternatibo eta herrikoiaren aurkako erasoaldi orokor baten moduan ikusi behar dugu?

Dirua edozein moduan eta kosta ahala kosta lortzeko saio baten ondorioa da gertatzen ari dena. Berdin zaie aurrean eraman behar badute auzoek begi onez ikusten duten gaztetxe bat, hilero errenta ordaintzen duten familia batzuk edo etorkinen giza eskubideak. Dirua duenak gehiago pilatu nahi du, eta azken urteotan gizartea desmobilizatu izanak zabal-zabalik utzi die atea.

Alemaniatik Espainiara, lotura ikusten duzu Hanburgokoaren eta azken egunetan Burgosko Gamonal auzoan gertaturikoaren artean?

Bai. Bi kasuetan eraikuntza egitasmoek piztu dute sua, krisiak gogor jotako auzoetan ezarri nahi izan dituztelako, nahiz eta biztanleek alferrikako gastutzat edo, zuzenean, euren interesen aurkakotzat jo. Hanburgon adibiderik ikusgarriena luxu handiko musika jauregiaren eraikuntza da —Elbphilharmonie—. Sei urte atzeratuta dago, eta hasieran uste baino ehunka milioi euro gehiago kostatu da dagoeneko.

Elbphilharmonie musika jauregia, Hamburgon.


Eta Hanburgotik Bilbora egin nahi duzue hitzaldian. Zeintzuk dira Bizkaiko hiriburuko Rote Florak edo Gamonalak?

Hanburgoko errealitatea Bilbokoarekin parekatu nahi dugu, eta ondorioak atera. Kukutza gaztetxearen eta Rote Floraren arteko lotura begi bistakoa da. Guggenheim efektua eragin nahi dute Hanburgon, hain zuzen ere, musika jauregia eraikiz. Hau da, kultura erabiltzea berriz balioa emateko hiriari, edo, behintzat, haren zati handi bati. Egitasmo horiek garestitzea dakarte, eta horrek mesede egiten die negozioak egin nahi dituztenei, baina guztiz txirotzen ditu hiri berritu horietako salneurri berriak ordaindu ezin dituztenak. Edo, zuzenean, kanporatu egiten ditu.

No comments:

Post a Comment