Friday 14 February 2014

«3D inpresorek ez dute iraultza teknologikoa ekarriko, soziala baizik»

Aitziber Eizagirre, diseinatzaile industriala.



Batzuen beldurra eta beste askoren itxaropena piztu dute 3D inpresora merkeek, norberak bere etxean objektuak fabrikatzeko beta ematen dutelako. Zer den erreala eta zer zientzia fikzioa azaltzen du adituak.
Aitziber Eizagirre (Donostia, 1986) diseinatzaile industriala da, eta hiru dimentsioko inpresioaren alorrean dabilen Tumaker enpresan lan egiten du. Datorren ostegunean, otsailaren 20an, bere lana azalduko du, Enpresa Digitalak 3D inpresio merkeaz antolaturiko jardunaldian. Donostian, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko eraikin nagusian egingo dute, 09:30etik 12:30era. Ikastaroa doan da, baina izena eman behar da www.euskadinnova.net gunean edo 943 000 999 telefonoan.



Sekulako ikusmina dago 3D inpresora pertsonalen inguruan. Mundua aldatuko dutela diote batzuek. Zenbateraino da egia eta zenbateraino gehiegikeria?

Ongi bereizi behar dugu 3D inpresorek gaur egin dezaketena eta etorkizunean egin ahalko dutena. Gaur gauza asko egin daitezke. Industria arloan, prototipoak egiteko eskatzen digute, proba gisa, metalean fabrikatu aurretik. Baina baita ortodontzistek, heziketa munduko jendeak, animazio filmak zein bideo jokoak egiten dituztenek, euren diseinuen bertsio fisikoak nahi dituztenesk, podologoek... Halere, 3D inpresioarena ez da teknologia iraultza, soziala baizik. Izan ere, aspaldi daude 3D inpresorak, baina lehen soilik enpresa handiek izan zitzaketen, eta, orain, edonork.

Ordenagailuekin gertatu den bezala, beraz, mundua aldatu dute pertsonal bihurtu direnean.

Inpresorekin berdin gertatuko delakoan gaude. Azken batean, jendeari aukera emango dio gauzak fabrikatzeko. Medikuntza arloan ikusten ari gara aldaketa: lehen, protesiak metalezkoak eta oso garestiak ziren, eta, orain, hasi dira artotik ateratako gai biodegradagarrian egiten. Kontsumitzeko era aldatuko da: lehen bota egiten genuen konpontzerik ez genuena; orain, apurtutako piezak egiten ditugu. Tolosako ikastola batek Hor Konpon egitasmoa du, herritarren gauzak konpontzeko: lehen alde elektronikoa baino ezin zuten konpondu, baina, orain, pilen tapa galdu bada, beste bat inprimatzen dute. Gauzak pertsonalizatzeko eta berritzeko aukera ematen dute.

Jende askok pentsatuko du 3D inpresora batekin dena sor daitekeela. Zer ezin dute egin?

Whiski tarta bat inprimatzeko eskatu ziguten behin. Ari dira txokolatearekin edo pastarekin esperimentatzen, baina oraindik ez gara horretara heldu. Orain gairik erabiliena plastikoa da, baina jada egurra inprimatzeko ere aukera badago.

Teknologia berri ororekin bezala, hasi dira arriskuen mamuak haizatzen. Armak inprimatzeko diseinuak jarriak dituzte Interneten. Beldurrik al duzu?

Beti gertatzen da teknologia berriekin. Armak egitea oso jende gutxiren kontua izango da, azken batean. Beldur handia dago, ordea, honek merkatuari nola eragingo dion aurreikusteko orduan: musika digitalizatu zenean gertaturikoa dugu gogoan; haatik, musikaz jende gutxi bizi da, baina askoz gehiago bizi dira gauzak fabrikatzeaz. Aho biko labana da: Apple, esaterako, beldur da jendea bere telefonoa egiten hasiko den. Bestalde, soinua nahasteko mahaiak egiten duen enpresa batek ezin zuen zerbitzu teknikorik eskaini, eta diseinuak askatu ditu, jendeak bere ordezko piezak egiteko aukera izan dezan. Aprobetxatzen jakiten duenak onura aterako du. Denon bizitza agian ez du aldatuko honek, baina askorena, behintzat, bai.


No comments:

Post a Comment