Thursday 13 February 2014

«Emakumezkoen kuotak eraikuntza industriaren itxura aldatu du AEBetan»

Porie Saikia-Eapen, arkitektoa.




2011ko erasoetan suntsituriko New Yorkeko World Trade Centerreko garraio azpiegitura osoa berriz eraikitzeko lanak koordinatu ditu Saikia-Eapen arkitekto indiar-estatubatuarra. Bilbon mintzatuko da gaur.

Porie Saikia-Eapen (Assam, India) arkitekto nagusia izan zen New Yorkeko (AEB) garraioaz arduratzen den MTA erakundean, Zero gunea berriz eraiki zutenean. Arkitekturan eta eraikuntzan emakumezkoen eginkizuna bultzatzeko hainbat egitasmo sustatu ditu. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bilboko egoitzan mintzatuko da gaur, 18:30ean.



New Yorkeko World Trade Centerreko garraio azpiegitura berriz eraikitzea zure ardurapean egon zen 2003. urtetik. Lanaren konplexutasunaz jabetzeko adibideren bat emango duzu?

Emozioak astintzen zituen egitasmo bat zen, garraio eta berreraikuntza egitasmo bat izateaz gain. Gizarteak onartzeko modukoa izan behar zen dena; gertaturikoaren oroitzapena errespetatu behar zen: hildakoak, senideak, bizirik atera zirenak... Horrez gain, konplexua izan zen, oso, koordinatu behar zenuelako erakunde, konpainia eta han eraikitzen ari ziren guztiekin, lehen egunetik, diseinutik. Kontua ez zen eraikin bat egitea, baizik eta hiriaren zati bat osatzea. Alde ekonomikoa, soziala, ekonomikoa aztertu behar izan genituen. Manhattango alde hori hiriko zaharrenetako bat da; 100 urte baino gehiago daramate hor eraikitzen, eta, askotan, ez genuen inongo planorik jakiteko hor azpian zer zegoen. Beraz, etengabe, hiriaren zati historikoak topatzen genituen, edo ezagutzen ez genituen hodiak.

Eraikuntzaren mundua gizonezkoen esku egon ohi da. Nola aldatu da zu lanean hasi zinenetik?

Etengabe ari da aldatzen. Orain emakume ugari ditugu industria honetan; besteak beste, AEBetako Gobernuak ahalegina egin duelako. New Yorken, esaterako, enpresa batek erakundeentzat lan egin behar badu, lanen zati bat emakumezkoek egin behar dute, derrigorrez, diseinuan zein eraikuntzan. Kontua ez da bakarrik emakumezkoak izan behar dituztela euren taldeetan; kanpora eskatzen duten edozein lanetarako ere %10 emakumezkoen esku dauden enpresei eman behar diete. Kuotek industriaren aurpegia aldatu dute. Orain emakume asko dabil eraikuntzaren alor guztietan: lege kontuetan, garraioan, diseinuan... Eta ez da gertatu 2011ko irailaren 11ko erasoengatik: ahalegin kontzientea egin da 25 urtez.

Eta, halere, arkitekturazaleen azken hilabeteotako mintzagaietako bat izan da Zaha Hadidek Qatarrerako diseinaturiko estadioak alu itxura ote duen. Zer adierazten du horrek?

Jendeak edozein gauza esaten du. Norman Fosterrek Londresen eginiko eraikinari [30 St Mary Axe] luzokerra esaten diote orain [The Gherkin]. Batzuetan jendeak hori egiten du ez duelako arkitektoaren filosofia. Bost axola behar zaigu, edonola ere: diseinua arkitektoaren sorkuntza da, eta zuk horretaz pentsatzen duzuna zure gustua da, besterik ez. Beraz, Zaha Hadiden lanari alua esaten diotenak aspertu egingo dira laster. Arkitektoek ez dituzte gauzak guretzat diseinatzen, baizik eta gazteagoak direnentzat. Zaha Hadidek arrakasta osoz lortu zuen hori Londresko Olinpiar Jokoetarako egin zuen eraikinean: orduko funtzioa betetzea, eta gero ere berriz erabilgarria izatea beste zeozertarako.


Zaha Hadid arkitektoak Qatarren 2022an jokatzekoa den Munduko Futbol Koparako diseinaturiko estadioa. 2018an amaituko dute.


Arkitektoa bulegotik atera eta berriz eraikuntza gunera eramateko duzun filosofia azalduko duzu gaur Bilbon. Zergatik bihurtu nahi duzu diseinatzailea «egitasmo kudeatzaile»?

Arkitektoek ez dituzte diseinatzen eraikinak gero egin ez daitezen. Baina, noski, eraikitzaileek altxatzen dituzte gero eraikinok. Garai batean, arkitektoak berak ziren egitasmoaren kudeatzaileak, haiek egoten ziren eraikuntza gunean, diseinaturikoa behar bezala betetzen zela zaintzen. Orain ez. Arkitektoek gauza bat diseinatu, eta hurrengoarekin hasten dira. Edonola ere, egitasmo kudeatzailerik hoberena arkitektoa bera izaten da, hark duelako egitasmo osoaren gaineko ikuspegia, eta prozesu osoa kontrolatzeko heziketa jaso duelako: plana, diseinua, eraikuntza eta amaiera. Egitasmoaren mesedetan aritu behar da, ordea, ez arkitektoaren edo eraikitzailearen mesedetan. Horregatik da horren garrantzitsua gaur egitasmo kudeaketa.

No comments:

Post a Comment