Wednesday 19 February 2014

«Muga gurutzatzea zaborra goizean jaistea bezala da, administrazio hutsegite soil bat: eta horregatik hiltzen zaituzte?»

Jeanne Rolande Dacougna, gizarte ekintza teknikaria.


Emakume beltzen egoera ikertu du Dacougna Minkette feminista senegaldarrak. Etorkinen arazoei genero gaiak gehituta, gaur eta hemen sortzen ari den nortasun afrikar-euskalduna zertan den azalduko du.
Jeanne Rolande Dacougna Minkette (Senegal, 1974) filologoa da, baita kultur artekaria eta arrazakeriaren kontrako ekintzaile feminista ere. Berdintasunaren alorreko arduraduna da Jaurlaritzako Biltzen integrazio eta kultur arteko bizikidetasun zerbitzuan. Mujeres negras en Euskadi hitzaldia emango du gaur 18:30ean Ondarroan (Bizkaia), Etxelilan: 946-13 40 08, etxelila@ondarroakoudala.net.



Euskal Herrian bizi diren emakume beltzen inguruko ikerketa egin duzu. Alde handia al dago Afrikaz dugun irudiaren eta errealitatearen artean?

Hemen, Afrikaz, bakarrik alde negatiboa ikusten da, eta positiboa ez da ageri hedabideetan zein diskurtsoetan. Azken egunetako gertakariak dira horren adierazgarri: Afrikako migranteen oldeaz zein inbasioaz mintzo dira. Baina zenbakiak ikusten badituzu, Latinoamerikatik edo Europatik datorren migrazioa askoz handiagoa da.

Zuek hainbat urtetan eginiko pedagogia ez al dute egun batean suntsitzen migrante beltzen heriotza eragitea zilegitzat dutela erakutsita?

Guk bi urrats aurrera egin, eta hiru atzera jotzea da. Izugarria da, jendea uretan, eta haiei tiroka. Ez dute lege-hausterik egin: muga gurutzatu nahi izatea edo hemen paperik gabe bizitzea zaborra goizean jaistea bezala da, administrazio hutsegite soil bat. Eta horregatik hiltzen zaituzte? Giza eskubide gutxienekoak bortxatzen dituzte, hain zuzen, eskubideok hitzetik hortzera darabiltzatenek. Lotsagarria, Europarentzat.

Espero zutena jasotzen dute hemen?

Mundua ikusteko modu batekin etortzen dira, eta, hemen, beste gauza batzuk aurkitzen dituzte. Moldatu behar duzu, ezin zarelako hemen bizi Afrikan biziko bazina bezala. Nola eratu, ordea, beste testuinguru honek eskatzen dizun emakume izateko modua? Esaterako: ez dute nahi poligamiarik, ablaziorik edo emakumeen aurkako indarkeriarik. Bai, ordea, ardura partekatzea, eta berdintasuna bikotean. Euskal Herriko balioen artean, izateko askatasuna nahi dute. Afrikan gizarte kontrol handia dago, eta asko maite dute emakumeek hemen esperimentatzeko eta bestelako gauzak egiteko dagoen askatasuna.

Senarrak hemen bizi dituztelako etortzen dira gehienak. Asko ez dira pozik egongo.

Arazo nagusia lana da. Hizkuntza arazoak dituzte askok. Ikasketa agiriak balioztatzea izugarri zaila da. Diskriminazio handia pairatzen dute lanean, gehienak edadetuen edo gaixoen zaintzan egiten dutelako lan, eta, horretan, jendeak Latinoamerikako emakumeak nahiago izaten ditu: samurragoak direla diote, eta beltzak matxinoagoak eta zakarragoak direla. Gazteak, oro har, 20-32 urte artekoak, askoz asebeteago daude. Zaharragoak ez, ordea, unibertsitate ikasketak edo lan esperientzia zutenak ikusten dutelako euren estatusa asko jaitsi dela.

Nolakoa izango da eratzen ari den nortasun afrikar-euskalduna?

Oro har, oso ondo hartuta daudela sentitzen dute, giro ona dago, eta jendea pozik dago. Beltzek euskara ikasten dute, eta senegaldar bezain euskaldunak sentitzen dira. Biltzen garenean, geure haurrek euskaraz egiten dute euren artean, etnia ezberdinekoak garenez, euskara baita partekatzen duten hizkuntza. Edozein egunetan Euskal Etxea antolatuko dugu Senegalen.

No comments:

Post a Comment