Saturday 22 February 2014

«Dramatikoa eman arren, gelan sartu eta hiru hilean sortu nuen disko osoa»




Maria Coma, musikaria.

Argazkilaria: Pau Vallve / Maria Coma


Laugarren diskoa aurkezten ari da Maria Coma konpositore, pianista eta abeslari katalana. Berlinen, pianoaren aurrean sortu zuen 'Celeste' lan intimista, eta horrela joko du gaur Berrizko Kultur Etxean.
Edu Lartzanguren
Maria Coma (Bartzelona, 1986) konpositore, pianista eta abeslaria da. Laugarren diskoa argitaratu zuen joan zen irailean, Celeste izenburupean. Gaur aurkeztuko du, 20:00etan, Berrizko Kultur Etxean (Bizkaia).





Zergatik joan zinen Berlinera disko baterako kantak sortzera?

Magnolia diskoaren bira amaitu ondoren, jotzen gelditzeko gogoa nuen, eta beste disko bat egin, baina ez nekien non edo nola. Berlinera bizitzera joan nahi nuen, askotan jo nuelako han aurreko biran eta oso ondo hartu nindutelako. Arte mugimendu handia dago han, jende gaztea elkarlanean aritzeko irrikaz. Bartzelona utzi nahi nuen, nire ohiko girotik aldendu. Berlin merkea da artistentzat, banituen lagunak han, eta hiri ideala zen.

Gela batean piano batekin itxi, eta ez zinen atera disko baterako kantak amaituta izan arte. Beharrezkoa al zen halako dramatismoa?

Dramatikoa eman arren, gelan sartu eta hiru hilabetean disko osoa sortu nuen. Oso lanaldi trinkoa izan zen. Zoragarria izan zen esatea 'banoa Berlinera konposatzera'. Iaz, Viceko (Katalunia) Mercat de Musica Viva jaialdian eman zidaten saria disko hau sortu ahal izateko. Banuen, dena den, joateko asmoa, baina, sariari esker, joan, diskoa sortu, eta Kataluniara itzuli nintzen grabatzera.

Saritu zizuten egitasmoaren barruan, piano berezi bat eraikitzea eta diskoa horrekin grabatzea aurreikusten zenuen. Zer-nolako pianoa da zure clavi-nimbus hori?

Gogoa genuen tresna bat asmatzeko eta eraikitzeko. Escultura Sonora Bachet tailerra eta bion artean egin genuen: diapasoiak erabiltzen ditu, teklatu baten bidez, eta puxika batek anplifikatzen du soinua. Clavi-nimbusa, dena den, ez da oso garrantzitsua diskoan; kontzertu-pianoa da diskoko tresna nagusia. Kantetako une intimoenetan agertzen da clavi-nimbusa, baina baliteke jendeak ez ezagutzea. Halere, kanta bat dago, bakarrik ahots eta tresna horretarako, ondo entzun dadin.

Taldeka, bikoteka zein bakarrik aritzen zara. Berrizen zeure kabuz joko duzu. Elektronika lagun izango duzu?

Aste honetan estreinatu dut formatua: pianoa eta ahotsaz gain, loop gailu bat erabiltzen dut, eta horrekin ahots geruzak ehunduz joaten naiz. Kontzertu intimista da. Bakarrik bi saio egin ditut horrela, eta, antza denez, jendeak gustuko du ikustea nola eraikitzen dudan kanta.

Izan ere, disko hau aurrekoa baino intimistagoa da.

Nire ustez, oso ezberdina da. Magnolia Katalunian sortu nuen, eta askoz arranditsuagoa zen: hari laukotea zegoen, pianoa ere ikusgarriagoa zen, zailagoa. Hau, berriz, barneko lasaitasunez egin dut, pertsonala zein artistikoa. Ez dut ezer erakutsi nahi izan. Oso apala da. Espazio gehiago dago, isiltasun gehiago...

Baita hizkuntza gehiago ere.

Bai, kanpoan nengoenez, hitzetako batzuk alemanez, ingelesez eta gazteleraz daude, baina, ohi bezala, gehienak katalanez, horretan pentsatzen baitut gehien. Hainbat lagunengan pentsatzen idatzi nituen kantak, eta haiekin erabiltzen dudan hizkuntzan sortu nituen.

Berlinera joango zinela bazenekien bezala, badakizu orain zer egingo duzun hurrengoan?

Ez. Diskoa plazaratu ondoren, jotzeko gogoa duzu. Neuk, behintzat, hala izaten dut. Kantak zuzenean jo eta nola aldatzen eta hazten diren ikusi nahi dut. Sentitu nahi dut zuzenekoan nola hartzen duen arnasa.


No comments:

Post a Comment