Wednesday 26 February 2014

«EB desastre hutsa da, eta gu euro erabiltzaile soilak diren bi estaturen menpe gaude»

Joseba Felix Tobar Arbulu, ekonomialaria.



'Euskal estatua bideragarria al da ekonomikoki?' galdera bota, eta erantzun egingo du gaur, Azpeitian, EHUko irakasle ohiak. UEUko ekonomia taldean dabil buru-belarri azken boladan.
Edu Lartzanguren

Joseba Felix Tobar Arbulu (Santurtzi, Bizkaia, 1945). Urte luzez EHUn ekonomia irakasten eman ondoren, UEUn dabil orain ikertzaile eta Ekonomiaz Jantzi blogean idazten. Independentziaren ekonomiaz mintzatuko da gaur, 19:00etan, Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin aretoan.

«Euskal estatua bideragarria al da ekonomikoki?» galdetzen duzunerako, erantzuna izango duzu, ezta?

Erantzuna baietz da, baina ez dela erraza izango. Arazo nagusia batasun politiko falta da. Hiru administraziotan banatuta dago Euskal Herria. Halere, hiru esparru horietan, behintzat, diru bera erabiltzen dugu, eta hori ona da. Alde txarra da diru hori ez dugula geuk kontrolatzen. Frantziak eta Espainiak ere ez dute kontrolatzen, baina, Banku Zentrala dute. Banku Zentralak herrialdeko legebiltzarraren menpe egoten dira, baina Europako Batasunean gauzak oso gaizki egin dira hasieratik: Europako Banku Zentrala independentea da, eta ez dago Legebiltzarraren menpe.

Lasai esan daiteke Alemaniako Legebiltzarraren menpe dagoela, ezta?

Horixe baietz. Alemaniaren menpe dago de facto, eta hori joko zikina da. Nahi dutena egiten dute, eta besteok horren inguruan dantzan ari gara. Banku Zentralak euroa jaulkitzen du, eta besteok erabiltzaile hutsak gara. Gainera, ez dago zerga politika federalik Europan, eta hori oso garrantzitsua da krisiari aurre egiteko, bakarrik gastu mugak daude. EB desastre hutsa da. Eta gu euro erabiltzaile soilak diren bi estaturen menpe gaude.

Duela hiru bat urte, eurotik ahalik eta lasterrena ateratzea gomendatu zenuen, eta, hara non, liberaren eremutik botako dutela mehatxu egin diote Eskoziari, eta EBtik kanpo geratuko dela Kataluniari.

Eskoziarrek independentzia nahi izatea eta libera esterlinan jarraitu nahi izatea sekulako kontraesana da. Hori ez independentzia, kolonia bat izatea baizik. Eskoziaren zerga eta diru politika Erresuma Batuaren menpe uztea da. Katalunian bestelakoa da egoera, ez dutelako euroa uzteko asmorik.

Burujabetzaren aldekoek Euskal Herriaren independentziaren alde ekonomikoa batere landu gabe dutela ondorioztatu behar dugu?

Oso berde dago. Maila teorikoan galduta gaude, potro eta obario pilo bat dago, baina buru gutxi. Zein litzateke Euskal Herriarentzat irtenbidea, maila teorikoan? EBn gaude eta baditugu altxor publiko txiki batzuk, diputazioak hegoaldean eta merkataritza ganbara iparraldean. Demagun Kataluniak eta EAEk independentzia politikoa lortzen dutela eta EBtik kanpo uzten dituztela —eta hori zalantzazkoa litzateke—. Zein litzateke irtenbidea? Bada, Kosovon zein Montenegron egin dutena: segi euroak erabiltzen, Europako banku komertzialei erosita. Kalte bat du horrek: garestiago erosiko dituzula. Baina mesede handi bat: zure herrialdeak erabakiko duela bere diru politika, eta Espainiak eta Frantziak ezin dute hori egin gaur.

Orain eurogunean dauden Europako hainbat herrialderentzat ere ez al litzateke hori mesedegarria izango?

Alemaniak mauka du orain. Nahi duena egiten du. Lortzen ez bada krisiari aurre egiteko euro gehiago jaulkitzea, Portugal, Irlanda, Italia, Grezia eta Europako hegoaldeko herrialdeak lehertu egingo dira. Gertatu aurretik hordago batzuk joko dira, eta konponbide batera heldu beharko dira.

No comments:

Post a Comment