Wednesday 12 February 2014

«Euskaren aurkako joko zikina egiten lagundu dute Ezkerrak eta Geroa Baik»

Garikoitz Torregrosa, Sortzen Ikasbatuaz-eko kidea.

Hizkuntza eredu guztietako ikasleak nahastearen aldeko mozioa onartu zuten duela hiru aste Nafarroako Parlamentuan.Horren eraginaren inguruan eztabaidatuko dute gaur mahai inguru batean.

Garikoitz Torregrosa (Iruñea, 1980) Sortzen Ikasbatuaz erakundeko Nafarroarako koordinatzailea da. Euskarazko ereduko ikasleak erdarazkoekin nahasteko Iruñeko parlamentuan urtarrilaren amaieran onarturiko mozioaz mahai inguru bat egingo dute gaur, 20:00etan, Zaldiko Maldiko elkartean (Florencio Ansoleaga 9-11). Ainara Nazar, Itziar Bigure irakasleak eta Xabier Santamaria irakaskuntzan aritua eseriko dira Torregrosarekin.

Kezka eragin du Nafarroan elkarbizitzaren izenean onarturiko mozioak. Zergatik?

Argi dugu elkarbizitza sustatu nahi dugula, baina testuingurua, Iruñean esaterako, den bezalakoa da. Euskarak ahalik eta espazio gehien behar du erabiltzeko. Mozio honek proposatzen duenaren kontra aspaldi ari gara lanean hainbat ikastetxerekin: espazio batzuk bereizteko eredu partekatua duten ikastetxetan, bestela beti euskararen kaltetan baita. Bilerak gaztelaniaz egin behar, tutoretzak...

Ezkerra taldeak proposatu zuen, eta bakarrik Bilduk eta Aralar-NaBaik bozkatu zuten aurka. Zergatik mozio hau orain: mugimendu zabal baten parte dela ikusten duzue?

Ez dakigu zer pentsatu. Argi dugu hartu den erabakia ez dela murgiltze ereduaren aldekoa. Proposatu zutenekin bildu gara, eta ikusi dugu haiek uste dutela mesede egingo diola D ereduari. Argi dago ez dakitela errealitatea zein den.

Eredu euskaldunetan dabiltzan haurrekin egoteak eredu erdaldunetakoak euskarara erakarriko dituela argudiatzen dute.

Proposatzaileak erdaldun elebakarrak dira. Elebakartasunetik begiratzen dute, ez dira inoiz elebidunen eta, kasu honetan, euskaldunen larruan. Ez gaude elkarbizitzaren kontra: esaterako, asko lagunduko lioke elkarbizitzari D eredua Nafarroa osora zabaltzeak. Baina horretaz ez dute hitz egiten. Zergatik ez sustatu elkarbizitza ikastetxe kontzertatuetan. Erantzuna oso bitxia izan da: ez dutela sinesten hezkuntza kontzertatuan, eta kendu egingo luketela. Baina, noski, hori ez dute egingo...

Eskoletako jolastokian erdara nagusituko den beldur zarete, besteak beste. Baina askok esango dizuete hori jada gertatzen dela ikastola askotan, nahasketarik egin gabe.

Bai, baina hori beste arazo bat da, landu beharko dena. Guk ez genuke horrenbeste arazorik izango bermatuko balute eskoletako langile guztiak elebidunak direla. Bestela, euskara gelan geratzen da.

Geroa-Baik mozioaren alde bozkatu zuen, Ezkerra, UPN, PPN eta PSNrekin batera. Geroa-Baikoek ez dakite errealitatea zein den eta ez dira elebidunak?

Harrituta geratu ginen. Hiru aste daramagu haien atzetik, bilera eskatzen, eta ez gaituzte hartu. Azken eskaerari erantzun ere ez diote egin. Bildu ez garenez, ez dakit zergatik bozkatu zuten mozioaren alde. Duela urte batzuk UPNk ikasleak bereizi nahi izan zituen D eredua zabal ez zedin. Huts egin dutenez, orain kontrakoa nahi dute, euskarak bere lekua gal dezan. Ezkerrak, Geroa Baik eta PSNk lagundu diote UPNri euskararen kontrako joko zikina egiten. Neurri honek mesede egiten dio UPNri. Horren erakusgarri da Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak esan izana kontuan hartuko duela mozioa, kontuan hartuta normalean halakoek ez dutela eraginik izaten. Orain ez dute dena aldatuko, noski, oso zaila delako. Baina eskola batzuk bereizteko bidean ziren, eta, orain, ia ezinezkoa izango dute.

No comments:

Post a Comment