Thursday 20 March 2014

«Basterretxea eta Oteizaren etxea hondatzea memoria eta kultur hondamendia da»

Karlos Martinez Bordoy, artista.





1960-70eko euskal kulturako gauzarik garrantzitsuenetako asko Irungo Iparralde Hiribideko 35-37 eraikinean gertatu ziren. Gaur, erabat abandonaturik dago, espekulazioaren eta utzikeriaren biktima.


The Border Desert egitasmoa aurkeztuko du Karlos Martinez Bordoy artistak (Durango, Bizkaia, 1982), gaur, 19:00etan, Atotxako dorreko etxabeko Sukaldea aretoan, Donostian, Tabakalerako Bisitariak egitasmoaren barruan.

Oteiza eta Basterretxearen etxe-tailerra. Prostituzio etxea izan ondoren, abandonaturik dago gaur. / Karlos Martinez Bordoy.



Iparralde Hiribidea 35-37 da helbidea, eta zuk «mugako basamortua» deitu zenion. Etxe sorgindua ematen du. Baina zer da?

Jorge Oteizak eta Nestor Basterretxeak eginiko arkitektura obra bakarra da. Irunen dago, eta 1960-70eko hamarkadetako kulturaren hazia han erein zuten. Han idatzi zuen Oteizak Quousque Tandem liburua. Han egin zituen Basterretxeak bere industria eta altzari diseinuak. Eta han sortu ziren Ez Dok Amairu musika taldea eta Gaur artista taldea. Euskal Herriko kulturaren historian hainbat gertaera garrantzitsu, beraz. Eraikina ere interesgarria da, estilo arrazionalistakoa. Eta guztiz abandonaturik dago.

Taberna eta prostituzio etxea ere izan zen. Orain, hori ere ez.

Eraikitzen amaitu zutenetik 1950eko amaieran, han bizi izan ziren bi artistak, 1970eko hamarkadaren amaierara arte. Eraikina hondatu egin dute ondoren eman dizkioten erabilera horiek. Gure ondarea nola tratatzen dugun erakusten digu. Artistak, zinemagileak eta ikerlariak aritu dira eraikinaz, baina ez da ezer egin.

Oteizaren arkitektura egitasmo nagusia Ametzagainako hilerria izan zen. Hura ez zuen egin, eta Irungo etxe-lantegia ideien hilerria bihurtu da, azkenean. Zergatik utzikeria?

Guillermo Zuaznabar arkitektoak hainbat errudun salatu zituen; tartean, Miren Azkarate Jaurlaritzako Kultur sailburua izandakoa, ezer ez zuelako egin, eta Basterretxea bera. Azken horri 'eskulturan ibilitako etxegintza promotorea' esaten dio. Eraikina asko hondatu da. Barruko metalezko osagaiak lapurtu zituzten... ez da hondaturiko monumentu bat, piramide bat bezala, baizik eta hondakin monumental bat. Halere, uste dut okupa talde bat bizi dela barruan, beraz, zerbitzua ematen ari da.

Normalean, halakoak eraikin modernistekin gertatzen dira gurean, elite esnoben sentsibilitatearentzako itsusiak direlako. Hobeto zainduta egongo zen neobaserri edo estilo erromantikokoa balitz?

Bitxia da, zeren eta azken urteotan Oteizaren zein Basterretxearen guztia preziatua bihurtzen da. Baina hau ez, nahiz eta arkitektura aldetik zein historikoki gordetzeko arrazoiak egon. Agian berriegia da: 50 urte baino ez ditu, eta horregatik ez dute ondaretzat hartzen. Halere, Donostian berdintsu gertatu da, Bellas Artes eraikinarekin, eta ehun urte baino gehiago ditu. Irunen beste interes batzuk daude: gasolindegi bat egin, lurren kalifikazioa aldatu...

Antzeko egoeran zegoen Pasaian (Gipuzkoa)Luzuriagako bulegoen eraikina, Antxon. Eta duela aste gutxi herritar talde bat garbitzen eta prestatzen hasi da auzolanean.

Hori da nire asmoetako bat aurkezpenerako: jende talde bat elkartzea horretaz hausnartzeko. Halere, ez dakit zertarako erabil zitekeen gero. Sorkuntza zentroekin gertatzen da hiri txikietako arte garaikideko museoen burbuilarekin bezala: egiten dituzte, baina gero ezin diete eman behar bezalako programaziorik. Nire koadrilan ez dira artistak, eta ez dute artea kontsumitzen, baina denek ezagutzen dituzte Oteiza, Basterretxea, Laboa... euskara, politika, musikarengatik. Badirudi kontu hau eraikin baten hondatzea besterik ez dela, baina, azken batean, memoria eta kultur ondarearen hondamendia da.

No comments:

Post a Comment