Saturday 15 March 2014

«Euskal Herriko eta Irlandako tresnekin arazoa izan genuen: ondoegi moldatzen ziren»


Niamh Ni Charra, musikaria.




Kontzertina eta biolina hartuta, hiru saio egingo ditu Niamh Ni Charra musikari irlandarrak gurean, datozen hiru egunetan. Mungian eta Bilbon taldearekin arituko da, eta Oiartzunen, Ibon Koteronekin.
Niamh Ni Charra (Killarney, Irlanda, 1974) biolin zein kontzertina (akordeoi txiki diatonikoa) birtuosoa da. Irlandako musika eta doinu tailerra emango die haurrei gaur, 12:30ean, Oiartzungo (Gipuzkoa) Soinuenean, eta 18:30ean, kontzertua emango du Ibon Koteron albokariarekin. Bihar, Mungian (Bizkaia), musika eta dantza tailerra, 17:00etan, eta kontzertua, 19:30ean Olalde aretoan. Astelehenean, emanaldia 20:30ean, Bilboko Kafe Antzokian.





Urteko Emakume Musikaria saria eman berri dizute Irlandan.

Sariaren politena zera da: denok errespetu handia diogun Bill Margeson musika kritikariak erabaki duela, eta ez arrakastatsuen zerrenda batek. Badakizu, sari askotan, Facebooken zenbat lagun dituzun, horrek erabakitzen du nork irabazten duen gaur.

Eta Chicagon (AEB,) saria eman diote zure azken diskoari —Cuz—.

Diskoaren atzetik dagoen historia gustatu zaie han. 1920ko hamarkadan Irlandatik hiri horretara joandako migranteen ingurukoa da. Cuz musikaria horietako bat zen, eta hil aurretik ezagutu nuen, haurra nintzela. Zinta bat grabatu zidan kantekin. Tradizioa pasatu zidan, eta nik ziurtatu nahi izan dut haren izena gogoan geratuko dela.

Tradizioa pasatzeaz ari zara, eta kontzertu daidaktiko batzuk emango dituzu Euskal Herrian. Noraino interesatzen zaizu irakaskuntza?

Ez naiz Irlandan behar bezain jarraian egoten irakaskuntzan lanaldi osoz aritzeko, baina Irlandako tradizioaren parte da, euskal tradizioan bezala, musika eta horren atzean dagoena hurrengo belaunaldiari irakastea. iTunes eta YouTuberen aroan, gazteek musika asko hartzen dute, eta elektronikoki gordetzen, baina askotan ez dakite kanten atzean dagoen historia.

'The Basque Irish Connection' diskoa argitaratu zenuen Ibon Koteronekin 2011ean. Entzun al da Irlandan?

Inoiz ez zen halakorik egin Euskal herriko eta Irlandako musiken artean, eta oso ondo hartu zuten prentsak eta jendeak Irlandan, nahiz eta diskoa oso entzule multzo jakin batentzat izan. Dena saldu da, eta beste argitaraldi bat egin beharko dugu. Bi herrialdeotan jendea ikasten ari da bestearen kulturaz.

Harridura sortu zuen?

Hasieran, ikusi zutenean Euskal Herriko tresnak Irlandakoekin jotzen saiatu ginela eta funtzionatu egin zuela. Albokaren gisa, kontzertina kanaberazko tresna da. Arazoa izan genuen: elkarrekin ondoegi moldatzen ziren, eta ezin genuen bien soinua bereizi. Beste gauza batekin ere harritu egin ziren irlandarrak: bi herrialdeotan kantak itsasoaz, mariñelez, eta emigratzeari buruzkoak direla, eta bi hizkuntzak zapalduta egon direla urte luzez. Ibonek euskal kanta bat erakusten zigun, eta nik esaten nion: «Aizu, guk ere badugu doinu hori».

Inor gutxik daki zu ingeniari elektronikoa zarela. Zergatik?

Nire sekretua da [barre]. Nire familian zientzia zen nagusi. Ama matematika irakaslea zen, eta inoiz ez nuen pentsatu musikaz biziko nintzenik. Nire lehen lanean, software enpresak AEBetara bidali ninduen. Han musika jo eta norbaitek ikusi ninduen, eta Riverdancekoek lana eskaini zidaten. Azkenean zortzi urtez ibili nintzen haiekin jotzen. Beraz, esan daiteke ingeniaritza ikasi izan ez banu, ez nintzela musikagintzan lanean hasiko. Nork daki?

Ez dizu penarik emango Saint Patrick's egunean Bilbon egoteak?

Ez. Dublin estatubatuarrez beterik egoten da, eta irlandarrak ezkutatu egiten gara. Beraz, primeran egongo gara Bilbon, Irlandako eran nola ospatzen dugun erakusten. Garagardo berdea edatearena estatubatuarrei utziko diegu.

No comments:

Post a Comment