Friday 14 March 2014

«Musika gizonen menpean egon denez, emakumeoi sufritzea egokitu zaigu»

Miren de Miguel, aktorea eta sopranoa.



Operak misoginiari eta genero indarkeriari adierazpide ematen diela uste du De Miguelek, eta hori iraultzeko ariketa proposatu du Tutte contro Verdi performancean. Asteburuan taularatuko du Bilbon.

Miren de Miguel (Bilbo, 1968) aktorea eta abeslari lirikoa da. Tutte Contro Verdi opera-performancea taularatuko du bihar eta igandean, 20:00etan, Zorrotzaurreko Garabia pabiloian, Bilbon.



Operak genero indarkeria eta misoginia bultzatzen ditu, iradokitzen duzun bezala?

Ezin dut esan operak hori bultzatzeko asmoa duela, baina egia da unibertso lirikoak emakume sufritzailea planteatzen duela. Operak aztertzen baditugu, gehienetan amodioarengatik sufritzen eta hil egiten diren emakumeak ageri dira senarrarengatik edo aberriarengatik bizia ematen dute. Ez naiz bakarrik Verdiz ari, baita Pucciniz ere. Hor daude Traviatta, Turandot, Tosca... Bizeten Carmenek ere, hasieran emakume indartsua dela ematen du, eta gero hiltzea erabakitzen du. Nik arazo bat dut hor: emakume feminista naiz, baina ezingo nuke operarik gabe bizi, eta aria horiek abesteko irrikan naiz.

Nola planteatu duzu kritika hori ikuskizunean?

Estrenatu nuenean, gizonezko pertsonaia bat zuen performanceak. Baina ni ez nabil gatazkan gizonekin, beraz, pertsonaia hori kendu egin dut. Gatazka neure buruarekin daukat. Ondorioz, bakarrik nabil orain. Macbethen eromenarekin hasten naiz, eta gero ariak aurkezten ditut, hitzez zein kantuz. Pertsonaien inguruan hausnartzen dut, bideo baten laguntzarekin.

Hau ez al da, era berean, emakumeek musikagintzan duten egoeraz hausnartzeko modu bat?

Bai. Izan ere, non gaude emakumeak gaur musikan? Orain, gaizki; baina duela gutxi, ez ginen, ez behintzat sortzaile. Gizartea izan denaren eta denaren ispilua da hori. Musika gizonen menpe egon denez, emakumeoi sufritzea egokitu zaigu, ezinbestean. Borroka asko egiten ari dira emakumeak, baina datuok ez dute erakusten aurrera egiten ari garenik: jazz jaialdi bateko egitaraua hartzen baduzu, esaterako, emakumezko bi abeslari besterik ez dituzu topatuko. Antzerkietan teknikari asko dira emakumezkoak, baina zuzendari gutxi. Genero irizpidea egon beharko luke kultur programazioan. Politikan bezala, emakume kupo bat behar genuke. Bestela beti kostatuko zaigu gehiago, edo iraultzailetzat hartuak izatera kondenatuta egongo gara. Eta neskek jarraituko dute amodioarengatik hiltzen. Mutilak ez.

Italian ere taularatu duzu lan hau. Nola hartzen zuten han euren opera klasikoei eginiko kritika?

Heresia egiten dut, baina han bezainbeste hemen. Arazorik gabe hartu dute Italian, baina egia da arte garaikide zentro batean aritu naizela, eta operari ukitu garaikidea ematea asko maite dute. Okerrena hemen izan da, Euskalduna jauregian. Ikuslei aurpegira esaten nien: «Adi, ni ez naizela amodioarengatik hilko». Eta gehienek gauza bera esaten zidaten, batez ere emakumeek: «Ez, ez; zuk hil egin behar duzu, testuan jartzen du eta, bestela, ez dago pasiorik».

Artezale askok euren buruari galdetu izan diote noizbait: zilegi zait gozatzea ideologikoki gustuko ez dudan artelan batekin?

Nik musika maite dut; ez, ordea, ematen dizkidaten testuak. Horregatik, ez naiz inoiz opera batean lan egiteko entzunaldietara joaten, badakidalako behartuko nautela rol bera berriz betetzera. Baina nik berdin abestuko ditut operok, neure hausnarketa emanez, betiere. Eta zarzuela... hori abestu ere ez.

No comments:

Post a Comment